Ordenagailuko jokalarientzako berriak espero dira: RTX 4000 serieko txartel grafikoak aurkeztea aurreikusten da.
Bideojokozaleak Nvidiaren aurkezpen handiaren zain zeuden, eta hauek azkenik erantzun dute: RTX 3000 serieak ia bi urte bete ondoren, txartel grafikoen arloan berritasunak ikusteko ordua iritsi dela dirudi. Izan ere, irailaren 20an Nvidia GTC ekimena egingo dutela baieztatu dute nazioarteko enpresakoek.
Hori horrela, suposatzekoa da horrenbeste desiratutako RTX 4000 seriea ezagutuko dugula bertan. Azken urteak gogorrak izan dira PC berria erosi edo zaharra eguneratu nahi zutenentzat: prezio altuek eta erdiaroleen eskasiak oso zaila egin du edozein GPU erostea.
Project Beyond ezizenarekin, txartel grafiko berriak aurrekoak baino dezente indartsuagoak izatea espero da. Hori bai, orain arteko guztia espekulazio hutsa izan da, Nvidiakoek ez baitute inolako informaziorik eskaini; prezioa zein zehaztapen teknikoak ezezagunak dira. Horren ondorioz, txartelon argitalpen data ere ustezkoa da: urte amaieran merkaturatzea aurreikusten dute adituek zein zaleek.
Hori guztia, eta gehiago, datorren asteartean ikusiko dugu. 17:00etan hasiko dute zuzenekoa arduradunek: aurkezpena hemendik ikusi ahalko dela aurreratu dute.
Iruzkinak