Switcheko bertsioa uztailean argitaratuta, PC, PS4 eta Xbox Oneko jokoa prestatzen ari da Crytek garatzailea.
Crysis Remastered atzeratzeko erabakia hartu zuen Crytekek uztailean. Jokoaren jarraitzaileen erantzunagatik atzeratu zuten; gaur irailaren 18an kaleratzea aurreikusita dutela iragarri dute arduradunek.
Switcheko bertsioa joan den uztailaren bukaeran argitaratu zen. Lehen Crysisen birmasterizazioa jasotzeko falta direnak beraz PC, PS4 eta Xbox One plataformak dira. Ordenagailuen kasuan jokoa Epic Storean estreinatuko dela nabarmendu du Crytekek.
Birmasterizazioa hainbat hobekuntzarekin dator. 8K-ra arteko kalitate handiko testurak, HDRarentzako euskarria, aldi baterako anti-aliasinga, argiztapenean egindako aldaketak eta beste hainbat hobekuntza jasoko ditu Crysisek.
Aldaketarik nabarmenena raytracingaren aldetik dator. PCko bertsioak soilik jasango du, eta DLSS teknologiarekin batera iritsiko da. Atal grafikoan egindako hobekuntzak nabarmentzeko bideoa argitaratu dute garatzaileek.
Iruzkinak