Ordura arte merkealdian egongo da Playground Gamesen lasterketen bideojokoa.
2016an Xbox One eta PCrako estreinatutako Forza Horizon 3 saltoki digitaletatik desagertuko da. Irailaren 28tik aurrera ezingo da erosi Windows Store bidez.
Iragarpena txio batzuen bidez egin dute. Horietan ez dute azaltzen saltoki digitaletatik ezabatzearen erabakia, baina ziur asko autoen eta abestien lizentzia baimenak iraungitzeagatik kenduko dute Horizon 3.
Bideojokoa erosita dutenek ez dute inolako desberdintasunik nabarituko: Forza Horizon 3 jaitsi, instalatu eta jokatzeko arazorik gabe jarraituko dute. Hori horrela, irailaren 28ra arte Microsoftek lasterketa jokoaren prezioa beheratzea erabaki du.
Horizon 3ren bi bertsio desberdinak daude merkealdian: Standard Editiona 9,89 euroren truke eros daiteke; Ultimate Editiona, berriz, 23,99 eurotara. Season Passaren prezioa ere beheratu dute, eta 10,45 eurotara Standard Editionak ekartzen ez dituen bi espantsioak eros daitezke.
Hirugarren atala saltoki digitaletatik desagertuko den arren, 2018an Forza Horizon 4 argitaratu zutela gogoratu beharra dago. Erresuma Batua zeharkatzera eramango gaituen jokoa Xbox Game Pass harpidetza zerbitzuaren baitan aurkitzen da.
Iruzkinak