Son Gokuren maisuaz gain netcoderako hobekuntzak, pertsonaiak orekatzeko eguneraketak eta beste hainbat berritasun gehituko dituztela aipatu dute garatzaileek.
Kefla eta Son Goku Ultra Instinctekin hasi zuen Bandai Namcok Dragon Ball FighterZren hirugarren denboraldia. Arduradunek berritasunak nabarmentzeko aurkezpena egin dute sarean; horien artean denboraldiko hirugarren borrokalaria iragarri dute. Iratxo dortoka izango da borroka jokoaren pertsonaia berria.
Iragarpena trailer labur batekin egin dute; ohi bezala Arc System Worksek garatutako jokoaren bideoa segundu gutxi batzutakoa da. Bertan Dortoka maisuaren mugimendu pare bat ikus daitezke: Mafuba izpia izango da bere eraso berezietako bat.
Pertsonaia aurkezteaz gain FighterZ-k etorkizun hurbilean jasoko dituen hobekuntza eta aldaketei buruz ere mintzatu dira garatzaileak. Sare bidezko borroken netcodea hobetzeko lanean ari dira garatzaileak; ez dute rollback netcodea ezartzeko asmorik aipatu, baina jatorrizko sistema txukuntzeko asmoa adierazi dute.
Horren harira, borrokak bukatu baino lehen alde egiten dutenei zigortzeko neurriak hartuko dituzte. Hirugarren denboraldia iragartzerakoan agindu zutena betetzeko asmoa agertu dute. eta borrokalariak orekatzeko eguneraketak argitaratuko dituzte ArcSysekoek.
COVID-19ak eragindako egoera ikusita World Tour txapelketa bertan behera uztea erabaki dute. Halere lehiaketa desberdin bat antolatu dute: National Championshipean Japoniak, Espainiak, Frantziak eta Amerikako Estatu Batuek parte hartuko dute.
Herrialde bakoitzak bere lehiaketa propioa izango du urritik hasita (bi lehiaketa AEBen kasuan). Txapelketa bakoitzean zortzi partaide egongo dira: lehiaketen arduradunek aukeratuko dituzte parte hartzaileak.
FighterZren hirugarren denboraldiak zehaztu gabeko beste bi borrokalari izango ditu; horiei buruzko xehetasunak Iratxo dortoka irailean kaleratu ostean jasoko ditugu.
Dragon Ball FighterZ PC, PS4, Switch eta Xbox Onerako eskuratu daiteke.
Iruzkinak