Motive Studio taldeak hartu du garapenaren ardura: aurretik, azken Battlefront jokoak kaleratu ditu.
Marvel komikietako unibertsoko bideojokoek atal berria jasoko dute. Electronics Artsek prentsa ohar baten bidez jakitera eman dutenez, Marvel argitaletxearekin elkarlana abiatu dute Iron Man superheroian oinarritutako abentura prestatzeko.
Oraindik garapeneko lehen fasean aurkitzen denez, ez dute inolako irudirik edo bideorik erakutsi: asko jota, Tony Stark-ek sortutako armaduraren silueta ikus daiteke. Hori bai, zer nolako titulua prestatzen ari diren zehaztu dute: “Jokalari bakarrarentzat, hirugarren pertsonan, eta akzioa zein abentura batuz”, adierazi dute garatzaileek.
Nola ez, Iron Manen bihurtzearen sentipen horri garrantzia eman nahi diote. Ez dugu Tony Starken bideojoko handirik ikusi IM 2 filmea estreinatu zenetik: ordu hartan Sega arduratu zen obra sortzeaz.
Nortzuk arduratuko dira joko berriaz? EA Motive Studio taldea, hain zuzen ere. Star Wars: Battlefront berrien zein Squadrons-en arduraduna izan zen, eta gaur egun Dead Space-n berregitean lan egiten ari da. Hauek gidatzen Olivier Proulx egongo da; Marvel bideojokoetan esperientzia dauka dagoeneko, Square Enix-ekin eta Eidos-ekin batera Marvel’s Guardians of the Galaxy prestatu baitu orain gutxi.
Galaxiako Zaindarien titulua, baina, ez da Marvelen bideojokoen unibertsoko obra bakarra. Spider-Man da jokoetako heroi nagusia, adibidez: Insomniac Games estudioak PlayStation-en babespean Peter Parker-en abenturetan girotutako bi lan kaleratu ditu, eta hirugarren batean dabiltza lanean. Ez hori bakarrik: Otsokumeren titulua ere prestatzen ari dira.
Mendekatzaileek ere jaso dute joko propioa, balorazio txarrak izan dituen arren: Marvel’s Avengers 2020an estreinatu zuen Square Enixek. Ezin gara ahaztu Marvel’s Midnight Suns-ez: Firaxis Games-ekoak garatzen dabiltzan estrategia jokoa izango da.
Hori horrela, Iron Manekin batera etorkizunean Marvelen superheroietako are titulu gehiago ikusiko ditugula suposatzekoa da; prentsa oharrean EAkoek diotenez, “lehena izango da hainbat joko berriren artean”.
Esan bezala, Tony Starken armadura erabiltzeko asko falta da oraindik. Garapeneko lehen faseetan egonda, EAkoek ez dute ez argitaratze datarik, ez plataformarik zehaztu.
Iruzkinak