Cody eta May jostailu bilakatzerakoan plataformak, puzzleak eta tiroketak batzen dituen abenturan murgilduko dira martxoaren 26an.
Hazelight estudioaren It Takes Two argitaratzeko hilabete faltan, bi jokalarirentzako abentura dibertigarri honi buruzko xehetasun guztiak azaltzeko bideoa prestatu du Josef Fares zuzendariak.
Trailerrean ikus daitekeenez joko kooperatibo honetan era guztietako egoerak gainditu beharko dituzte jokalariek. Plataforma sekzioak, elkarrekin osatu beharreko puzzleak edota tiroketa bereziak batuko ditu Hazelighten bideo-jokoak.
Jokalariek Codyk eta Mayk osatutako ezkondutako bikotearen kide banaren kontrola hartuko dute. Tokiko partidetan zein sare bidez jokatzea posible izango da; bi jokalarietako batek bakarrik erosi beharko du jokoa horretarako.
Banatzeko prozesuan murgilduta, bien alaba Rosek liburu magiko bati guraria eskatuko dio elkarrekin jarraitzeko helburuarekin. Umorez eta egoera anitzez betetako obra agindu du Faresek, eta bideoa ikusita horrela izango dela dirudi.
It Takes Two martxoaren 26an kaleratuko da PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox Onerako.
Iruzkinak