200 bideojoko, mahaijoko, liburu zein baliabide sorta batzen ditu bildumak. Gutxienez 10 dolar ordainduta eskura daiteke.

Kurdistango, Turkiako eta Siriako bizilagunei laguntza bidaltzeko eskaintza berezia ikusteng gabiltza berriz bideojokoen munduan. Itchi.io saltokiak lurraldeok urte hasieran jasandako lurrikaren biktimei babesa eskaintzeko Türkiye & Syria Earthquake Relief Mega Bundle bilduma abiatu du 135 sortzailerekin elkarlanean.

Gutxienez 10 dolarren truke —nahi beste diru jar daiteke— 200 bideojoko, mahaijoko, liburu zein baliabide sorta baino gehiago eskaintzen ditu bundle bereziak . Bideojokoei dagokienez —120 dira, zehazki—, aurreko bildumetan eskainitako hainbat titulu ikusiko ditugu errepikatuta, baina proiektu interesgarri berriak ere egon badaude.

Esate baterako, A Good Snowman Is Hard To Build zein Everything is going to be OK interesgarriak aurki ditzakegu. Horiez gain, Super is Hot edo The Hex bezalako obra bitxiak daude sakabanatuta eskaintza zabalaren artean.

Bildumaren salmentekin bildutako dirua Turkish Philanthropy Fund erakundeari eskainiko diotela adierazi dute Itch.iokoek, hortik karitate elkarte eta talde desberdinei bideratzeko. Atzo abiatu zuten eskaintza berezia: 500.000 dolarretako helburutik 9.992 biltzea lortu dute albistea idazterako unean. Dena den, oraindik hamabi egun baino gehiago dituzte aurretik.

Itch.io saltokia izanik, ordenagailukoak izango dira bertan aurkituko ditugun bideojokoak; are gehiago, garatzaile independente txikien DRM gabeko tituluak dira nagusi hemen.

Ez da zoritxar berberagatik ikusten dugun lehen bideojokoen eskaintza berezia: joan den martxoan Humble Bundle saltokiak gauza bera egin zuen, guztira 3.366.065 euro bilduta. Itch.iok zein beste hainbat plataformek beste larrialdi batzuetako egoera arintzeko antzeko bildumak prestatu ohi dituzte.