Gutxieneko hamar dolarretako prezioa dauka. Wandersong, Superhot, A Short Hike, Baba is You eta beste hainbat altxor indie daude bertan.

Garatzaile independenteak eta Itch.io saltoki digitala Ukrainako gerrako biktimei laguntza eskaintzeko Bundle for Ukraine izeneko bilduma osatu dute. Bertan liburuak, komikiak, soinu bandak eta, nola ez, bideojokoak aurki daitezke: 572 joko, zehazki.

Hamar dolarretako gutxieneko prezioa dauka bildumak; bertako produktuen berezko balio osoa 6.500 dolarretakoa dela adierazten dute sortzaileek. Martxoaren 18ra arte eros daiteke. Batutako diruaren kopuru osoa International Medical Corps eta Voice of Children erakundeetara bideratuko dute. Albistea idazterako orduan 2.455.116 dolarretara iritsi dira, baina helburua 4.000.000 dolarretan finkatu dute.

Jatorri eta genero guztietako tituluak aurkituko ditugu bilduma honetan: Celeste, Minit, Wandersong, Superhot, Baba is You eta beste hainbat altxor indie eskaintzen dituzte, besteak beste. ZeroRanger, SkateBird, Sundered eta Cook, Serve, Delicious! 2 bezalako joko ezagunak ere daude bertan.

Bundle for Ucraine martxoaren 18ra arte eskura daiteke Itch.io webgunean. Ez da saltokiak halako ekimena abiarazten duen lehen aldia: Palestinarren alde egiteko antzeko bilduma eratu zuten iaz.