Hayd_n garatzaile independenteak estiloz betetako proiektua abiatu du. Oraindik ez dauka ez plataformarik, ez argitaratze datarik.
Game Erauntsian sarean aurkitutako altxorrei buruz mintzatzea gustatzen zaigu noizean behin. Horixe bera da Jamphibianen kasua: indie proiektua borroka bizi eta azkarrak parkour estiloko esplorazio itxurosoarekin elkartzera dator.
Hayd_n sortzaileak bere sare sozialetan argitaratutako bideoen segundo gutxi batzuk baino ez dira ikusi behar ondo zaindutako tituluaren aurrean gaudela ikusteko, hastapenetan aurkitzen den arren.
Lepoan katana eta irrati kasetea daramatzan igela kontrolatuko dugu Jamphibianen. Nahiz eta elementu gutxi dituen, poligono gutxiko estetika koloretsuarekin atal grafiko ederra eta berezia eratzea lortu du indie garatzaileak. Pertsonaiek mugitzerakoan irudien tasa urria erabiltzen dute, gainera —jokoa 60 fps-tara doa, hori bai—; dena den, honek obraren alde jokatzen du, mugimendu eta dinamikotasun propioak lortuta.
Hack and slash motako borrokak ikusiko ditugu bertan: kolpeka eta ezpatadaka ahalik eta konborik ikusgarrienak sortzea da gure zereginetako bat; horiek sarituko ditu bideojokoak. Etsaiak airean jaurtitzea eta gu horien atzetik hegan ateratzea ohikoa izango da, besteak beste. Horrez gain, parry eta kontraerasoak ere ikusiko ditugula dirudi.
Iaiotasun berezientzako lekua ere egongo da, nola ez. Konbo luzeak lortuta abilezia hauek erabiltzeko barra beteko dugu: erakutsitako mugimenduen artean denbora geldotzearena dago, adibidez. Guztiek efektu ikusgarriak nahiz landuak edukiko dituzte, noski.
Aipatu modura, mugimendua da Jamphibianen beste ardatzetako bat. Igel protagonistak era guztietako abileziak izango ditu eskura eraikinetatik eta kokalekuetatik zehar ibiltzeko. Hormetatik jauzika, mihia erabilita distantzia luzeak zeharkatzen zein txilinbueltaka ariko gara etengabean.
Bukatzeko, soinu banda nabarmentzekoa izango da. Funk generoko musikarekin, erritmo alaiak eta biziak entzungo ditugu Jamphibianen; era batera, Jet Set Radio gogora ekarten du, bai erritmo aldetik, bai estetikatik.
Zoritxarrez, Hayd_n garatzailearen proiektua probatzeko asko falta dela esan daiteke. Arduraduna proiektuaren zertzeladak erakusten aritzen da bere sareetan, baina agerikoa da oraindik hasi baino ez dela egin; izan ere, oinarrizko mekaniketan sakontzen ari da oraindik. Hori horrela, ez du kaleratze datarik zehaztu oraindik; ez hori bakarrik, plataformarik ere ez du aipatzen arduradunak.
Iruzkinak