Nintendo Switch Online harpidetzaren Expansion Pack kategorian argitaratuko dute Nintendo 64 kontsolako tiro jokoa.
1999. urtean Nintendo 64a edukitzen genuen umeen eta gazteen artean begirada guztiak erakarri zituen Jet Force Gemini azkenik Nintendoren beste kontsola batean estreinatuko da: abenduan Switch hibridora iritsiko dela iragarri dute N handikoek.
Juno eta Vela neba-arreben nahiz Lupus txakurraren abentura espazialak 64 bits-eko kontsolaren indar guztiak ustiatu zituen bere garaian. Tiroketak, saltoak, puzzleak eta esplorazioa aurkituko ditugu Jet Force Geminin: hirugarren pertsonako ikuspegiarekin, Mizar zitalaren armadaren aurka egingo dugu galaxia salbatzeko.
Armategi zabala, bisitatzeko dozena erdi planeta, sekretu mordoa, eta, zelan ez, multijokalaria —bi jokalarirentzako kooperatiboa nahiz laurentzako dueluak— proposatzen ditu. Ez zen Raren garaiko titulurik borobilenetakoa izan, baina mundu osoan milaka zale edukitzen jarraitzen du.
Hiru protagonisten artean aldatzen joango gara, bakoitzak bere abileziak eta berezitasunak erakutsiko baititu. Horrela, helburua planeta bakoitzeko arerioak akatzea izango da, baita mapetatik sakabanatutako Tribal estralurtarrak salbatzea ere.
Nintendo 64ko gainerako bideojokoekin gertatzen den modura, Nintendo Switch Online + Expansion Pack harpidetzaren bitartez iritsiko da kontsola hibridora; hau da, zerbitzurik garestienarekin. Aurretik Super Mario 64, The Legend of Zelda: Ocarina of Time eta Majora’s Mask, Banjo-Kazooie, Goldeneye 007 edo F-Zero X jaso ditu harpidetzak, besteak beste.
Ez da Jet Force Gemini N64tik kanpo ikusten dugun lehen aldia: Xbox-eko jokalariek Rare Replay bilduma zoragarrian jaso zuten 2015ean, kontrolen eskema eraberrituarekin eta hobetutako atal grafikoarekin.
Doublemauler-ek luze eta sakon hitz egin zuen tiro jokoari buruz Game Erauntsian argitaratutako analisian:
Gozatzeko ugari dago tituluan zehar. Pertsonaia ezberdinekin munduak errepikatzerakoan gune ezberdinak bisitatzen dira, esplorazioa saritzen delarik. Aipatutako ganorazko hiru arma horietan munizio nahikoa bildutakoan, tiroketetan eragin daitezkeen sarraskiak gogobetegarri aurkitzen ditut guztiz.
Esan bezala, Jet Force Gemini abenduan helduko da Switchera.
Iruzkinak