Zehazki, lehen pertsonako shooter-a prestatzen ari da. Frankizia guztiz berri bateko titulua izango da.
Tiro jokoen gurasoetako baten itzuleraren berri izan dugu. Doom, Quake zein Wolfenstein sagen arduradun nagusietako bat izan zen John Romero ezaguna bideojoko berri baten garapenean murgilduta dago. Berria garatzaileak eman du bere sare sozialen bitartez.
“Egunsenti berria da Romero Games-entzat”, dio bertan, bere estudioa aipatuz. “Argitaletxe handi batekin lanean gabiltza John Romeroren hurrengo tiro jokoa argitaratzeko”. Dirudienez, lehen pertsonako shooter abentura izango da; erroetara itzuli nahi du id Software-ko sortzaile ohiak.
Erroetara bai, baina ideia berriekin; izan ere, prestatzen ari den obra frankizia guztiz berri batekoa izango da. Ez da beraz antzinako arrakastetara mugatuko. Xehetasun gutxi gehiago eskaini dituen arren, Unreal Engine 5 motor grafikoa erabiliko duela dakigu. Garapena hasi baino ez dela egin dirudi: oraindik langileen bila dabiltzala adierazi du Romerok.
Quake argitaratzerakoan utzi zuen id Software garatzaile ezagunak. Bertatik Ion Storm estudioa sortzera igaro zen: hortxe garatu zuen horren ospe txarra duen Daikatana. Zer esango dugu, behintzat Ion Stormetik Deus Ex originala bezalako maisulana jaio zen —Warren Spector-en eskutik, hori bai—. Ordutik hona proiektu txikietan murgilduta ibili da Romero, gehienak arrakasta handirik gabekoak.
Iruzkinak