Sifu estiloko dueluak proposatuko dituela dirudi: PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan argitaratuko da.

Saber Interactivek John Wicken bideojoko berria aurkeztu du. Asasino ezaguna akzioz betetako tituluaren protagonista izango da.

Argitaratze datarik gabe, aurrerapen txikiarekin aurkeztu dute Keanu Reeves aktoreak bizitza emandako pertsonaiaren titulua. Itxura batean, Sifu bikainak prestatutako borroken estiloa bereganatuko duela dirudi; hau da, hirugarren pertsonan kolpeak, giltzak eta kontraerasoak biziko ditugu.

Tiroketak beste ardatzetako bat izango dira, noski. Wicken gun-fu estiloarekin kolpeak zein tiroak uztartuko dira: “Zaleak zain eduki dituen behin betiko John Wick bideojoko esperientzia izango da”, diote arduradunek.

Ez da asasinoaren lehen bideojokoa: estrategia taktikoa ardatz zuen John Wick Hex 2019an ikusi genuen; urte pare bat lehenago, errealitate birtualeko John Wick Chronicles argitaratu zen. Horiez gain, Keanuren pertsonaia Payday 2 edo Fortnite ezagunetatik ere igaro da.

Plataformak bai zehaztu dituzte Warhammer 40.000: Space Marine 2 edo Turok Origins jokoen sortzaileek: PCrako eta PS5 nahiz Xbox Series kontsoletarako prestatzen dabiltza izen ofizialik gabeko John Wick bideojokoa.