The Butcher’s Circus doako DLCa izango da. Bi jokalari elkarren aurka jarriko ditu txandakako borroketan parte hartzeko.
Red Hook garatzaileak Darkest Dungeonen PvP borrokak gehituko zituztela iragarri zuen apirilean. Maiatzaren 28an kaleratuko duten The Butcher’s Circus izeneko eguneratzearen bidez egingo dute.
The Butcher’s Circus bideojokoa erosita dutenentzat zuzendutako doako DLCa izango da. Bertan lagunen edo arerioen aurka arituko gara. Txandakako RPGa jokalarien arteko borroketarako bideragarria izateko hainbat aldaketa gehitzen ari direla azaldu dute Red Hookekoek.
Jokalarien txandak erabakitzeko joko hasieran txanpon bat jaurtiko da. Jokalarietako batek lehenengo erasoko badu ere, bigarrenaren talde osoak hainbat abantaila jasoko ditu; abantaila horiek lehen txanda osoa iraungo dute. Hasiko den jokalariek erabili nahi duen heroia aukeratuko du. Horrekin ekintza bat egin ondoren, beste jokalariak berbera egingo du.
Garatzaileak “ausazko elementuen zaleak” direla dioten arren, oinarrizko jokoaren egitura jokalarien arteko borroketan zorizko elementu gehiegi txertatzea izango zela azaldu dute.
The Butcher’s Circusek ez du inolako mikro-transakziorik edukiko. Jokalariek lortu ahal duten guztia partidak jokatuta eskuratuko dutela ziurtatu dute jokoaren arduradunek.
Darkest Dungeon 2n eragin gabe
Doako DLCa Darkest Dungeonen Windowseko bertsioak bakarrik jasoko du momentuz. Gehigarria Mac eta Linuxerako ere prestatzen ari dira, baina ez dute argitaratze datarik zehaztu. Kontsoletako bertsioei dagokienez, gehigarriak jasotako harreraren arabera garatuko dituztela azpimarratu dute.
The Butcher’s Circusen garapena Darkest Dungeonek izandako “arrakastaren” ondorio zuzena dela azaldu dute. 2019ko otsailean bideojokoaren jarraipena iragarri zuten, Darkest Dungeon 2; aipatutako DLCak bigarren jokoaren garapen prozesuan eraginik izango ez duela nabarmendu dute Red Hooketik.
Iruzkinak