Azaroaren 11n egingo da Bilboko Euskararen Etxean. Lau hitzaldi eta mahai ingurua prestatu dituzte Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak.
Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia seigarren urtez egingo dela iragarri dugu Game Erauntsia Elkartetik eta Azkue Fundaziotik. Azaroaren 11rako finkatu dugu hitzordua. Euskara eta bideojokoak uztartzeko bidea jarraituz, Euskal Herriko bideojokoen askotariko adituak bilduko ditugu zaletasun hau zenbait ikuspegi desberdinetatik aztertzeko.
2023ko Jokotekniaren aurkezpenean izan dira Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioaren zuzendaria eta Lander Unzueta Game Erauntsia Elkarteko kidea.
Seigarren edizioaren egoitza Bilboko Euskararen Etxea izango da, beste behin. Azaroaren 11n 09:45ean hasiko da Jokoteknia, 13:00etan bukatzeko:lau hitzaldi zein Bizkaiko hiru ikastetxetako ikasleenmahai ingurua jarraitzeko aukera edukiko dute hurreratzen direnek.
Sarrera irekia izango da; alegia, edonor hurbil daiteke ekimenaz gozatzera. Horrez gain, interesatuek jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango dute EITBren webgunetik.
Esan bezala, euskal bideojokogintzaren hainbat alde aztertzea da asmoa. Horretarako bideojoko garatzaileak, soziologoak, eduki sortzaileak zein irakasleak gonbidatu ditugu aurten.
- Hasteko, Daniel Muriel soziologia doktoreak soziologiaren ikuspuntutik bideojokoek duten garrantziaz hitz egingo digu, gaur egungo gizartearen funtsezko eraldaketak adierazten dituztela aldarrikatuz.
- Bigarrenik, Eider Zabalegi eduki sortzaileak euskarazko eduki digitalen zein sortzaileen munduan sakonduko du. I4rgi ezizenarekin YouTube eta Twitch munduetan dihardu 2016. urtetik. Horietan hasteko jakin beharrekoak azalduko dizkigu.
- Hirugarrenik, Edurne Larraza informatikari doktoreak bideojokoen bidez irakasteko aukeren inguruan hausnartuko du. Jokoek informatika arloko ikasleei eskain diezaioketena laburbilduko du, horretarako bere ibilbide profesionalean ikasitakoak eta landutakoak erabiliz.
- Laugarrenik, Highnoon Ekain bideojoko sortzaileak Praenaris estudioa aurkeztuko du. Hiru urtez lan egin ondoren lehen bideojokoa argitaratzear daude, eta sormen prozesu horretan bizitakoak partekatuko ditu, aldi berean euskal identitatean eta erroak zaintzeko helburuan murgilduz.
- Bukatzeko, urtero egin bezala, Euskal Herrian bideojokogintzari lotutako hainbat zentrotako ikasleak bilduko ditugu mahai inguru interesgarrian parte hartzeko. Jon Legarretaetxebarria, Sara Esteban eta Haizea Muñoz ikasleek osatuko dute, DigiPen Europe Bilbao zentrotik, Harrobia ikastolatik eta Tartanga ikastetxetik, hurrenez hurren.
Hizlarien aurkezpenak eta emango dituzten hitzaldien laburpenak Jokotekniaren web orrialdean irakurri daitezke. Jarraian egitarau osoa ikus dezakezue:
Agerikoa den bezala, jardunaldi hau aukera bikaina da bideojokoen munduko arlo desberdinetako jendea ezagutzeko, zaletasun hau partekatzeko nahiz ideia berriak sortzeko zein abian jartzeko. Hortaz, euskal bideojokozale guztien zain egongo gara azaroaren 11n.
Iruzkinak