Euskal Bideojoko Jardunaldiak seigarren edizioa burutu du Bilbon.
Jokoteknia Euskal Bideojoko Jardunaldiaren oinarria bideojokoak eta euskara dira. Hala ere, hauei lotutako esparru gehiago inguratzen ditu ekimenak. Hori izan da aurtengo biltzarraren berezitasunetako bat: eduki sortzaileetatik eta zuzenekoetatik hasita, euskal gizartea aztertzeari nahiz jokoei lotutako irakaskuntzari begira jarri dira jardunaldiak.
Guztia, gainera, etxera begira jarrita. Iazko biltzarreko protagonistak sortzaile euskaldunak izan baziren ere, Euskal Herriko bideojokoen hainbat aditu parte hartu gabe geratu ziren. Hori zuzentzeko asmoz, Jokotekniaren seigarren edizioak hauek berreskuratu ditu; berton daukaguna agerian jartzea izan da helburu nagusia.
Urtero bezala, lau hitzaldiz eta mahai inguruaz gozatzeko aukera eduki dute bai Bilboko Euskararen Etxera hurbildu zirenek, bai etxetik online jarraitu zutenek. Hasteko, Daniel Muriel soziologoak Bideojokoen garrantzi soziala hitzaldia aurkeztu zuen, gure zaletasunak gizartean daukan eraginean sakontzeko.
Eider Zabalegi eduki sortzaileak Il4rgi kateak sortzeko jarraitutako bidea partekatu zuen Eduki sortzaileak eta euskara aurkezpenarekin. YouTube zein Twitch plataformetan bideojokoen zuzenekoak eskaintzen ditu; ez hori bakarrik, euskal Twitch komunitatea ere aurkeztu zigun.
Edurne Larraza UPV/EHUko Informatika irakasleak bere esparrua ekarri zuen Jokotekniara Bideojokoen bidez irakasten hitzaldiarekin: irakaskuntza. Bere ibilbide profesionalean ikasitakoak azaldu, nahiz abian jarritako ekimenak ezagutzera eman zituen, bideojokoek irakaskuntzan dituzten erabileretan murgilduz.
Bukatzeko, Highnoon Ekain bideojoko garatzaileak Praenaris estudioaren hastapenak azaldu zizkigun Bideojokoen sormen prozesuan sakonduz solasaldian. The Silent Swan lehen bideojokoa kaleratzeko bizi beharrekoak aipatuta, etorkizunera begira jarri zen, hurrengo proiektuen eta hauek argitaratzeko zailtasunen inguruan mintzatuz.
Mahai inguruan, bestalde, Bizkaian bideojokogintzari lotutako ikasketak eskaintzen dituzten hiru zentrotako ikasleak bildu genituen Euskal Herriko bideojokoen industriari eta euskararen egoerari buruz hausnartzeko. Jon Legarretaetxebarria, Sara Esteban eta Haizea Muñoz etorri ziren DigiPen Europe Bilbao zentrotik, Harrobia ikastolatik eta Tartanga ikastetxetik, hurrenez hurren.
Giro ederrean eta bideojokozalez inguratuta igaro da aurtengo Jokoteknia. Jardunaldiek hazten jarraitzen duten heinean Euskal Herriko jokalari gehiago batzen dituzte, zaletasun hau partekatzeko eta mundu honi buruz gehiago ikasteko bide aproposa izanik.
Nola ez, hau guztia posible egin duten bidelagunak eta laguntzak aipatu beharra daude; izan ere Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak era guztietako eragileen eta erakundeen babesa jaso dute ekitaldia prestatzerako unean: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak, SPRI – Enpresa digitalak, EITBk zein DigiPen Europe-Bilbao, Harrobia eta Tartanga zentroek parte hartu dute seigarren edizioan.
Iruzkinak