Bilbon dagoen Euskararen Etxean lau hitzaldiz eta mahai inguruaz gozatu ahalko da goizean; gainera, Gamer Gela eskainiko da etxeko txikienentzat.

Azaroaren 15ean egingo da aurtengo Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia. Zortzigarren urtez antolatuko dute Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak, betiko helburu berbera lortu nahian: euskara bideojokoekin elkartzea.

Bilbon kokatutako Euskararen Etxean bilduko gara, beste urte batez. 09:45ean hasiko da bideojokoen euskal festa, 13:30ak aldera bukatzeko. Lau hitzaldi eta mahai ingurua jarraitu ahalko dituzte hurreratzen direnek: hizlariak eta mahai inguruaren parte hartzaileak —Harrobia, Tartanga eta DigiPen Europe-Bilbo ikasteetxetako ikasleak, alegia— azaroaren 3an iragarriko ditugu prentsaurreko ofizialarekin batera.

Bideojokoen munduko askotariko adituak ekarriko ditugu. Industriaren zaletuentzat benetan interesgarriak izango diren hizlariak batuko dira aurten; beraz, ez galdu maite dugun mundu honi lotutako jendea ezagutzeko aukera.

Ohiko kongresuaz gain, guraso eta ume bideojokozaleentzako txokoa eskainiko da Jokotekniaren zortzigarren edizioan: hitzaldiekin batera euskarazko bideojokoen erakusleiho den Gamer Gela ekimenaz gozatu ahalko da Euskararen Etxean. Horrela, haur zein gaztetxoek gure mintzairan joka daitezkeen tituluak ezagutuko eta probatuko dituzte, eta, aldi berean, gurasoek hitzaldiez goza dezakete.

Idatz ezazue agendan: azaroaren 15ean hurbildu Bilbora Jokotekniaren 2025eko edizioa gurekin ikustera. Informazio gehiago, laster, jardunaldien webgune ofizialean!