Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren zortzigarren edizioa antolatu dute Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak. Azaroaren 15ean Bilbon egingo da.
Bideojokoen munduak haur, gazte zein heldu euskaldunak erakartzen dituela ez da inolako sekretua. Geroz eta gehiago dira jokatzen dutenak: AAA zein indie tituluetan ibiltzen direnak daude, baina mugikorrei zein doako bideojoko ezagunei esker bideojokozaleen armada nabarmen areagotu da azken hamarkadan.
Hori dela eta, Euskal Herrian bideojokoen industriari nahiz zaletasunari lotutako ekimenak indarra hartzen hasiak dira. Tamalez, euskararen presentzia oso urria izan ohi da horietan; gehienetan, erdara hutsean antolatutako jarduerak eta topaketak dira nagusi.
2018an abiatutako Jokoteknia jardunaldia da euskararentzako oasi txikietako bat bideojokoen munduan. Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak abiatutako elkarlanetik jaiotako Bideojokoen Euskal Jardunaldiak industriako adituak eta profesionalak nahiz zaleak edo jarraitzaileak batzeko balio du; hori horrela, Euskal Herriko bideojokoen industriaren diagnostikoa egiteko, eta, aldi berean, garatzaileen eta jokalarien joerak ikusteko zein elkar ezagutzeko topaketa da Jokoteknia.
Denetariko gaiak jorratu dira jardunaldietan. Bideojokoen sormenetik hasita, lokalizazioa, homebrew aplikazioak, ikus-entzunezkoen eduki sorkuntza, musika eta soinu efektuak edo indie estudioen jaiotza izan dira ardatz Jokoteknian; ez hori bakarrik, beste hizkuntza gutxituetako komunitateetako ordezkariei entzuteko aukera ere egon da, katalanek, galiziarrek, bretoiek, galestarrek edo irlandarrek bizi duten egoera ezagututa. Aurreko jardunaldietako bideoak Peertube.eus plataforman aurki daitezke.
Hitzaldiak, mahai ingurua eta Gamer Gela, zortzigarren Jokoteknian
Aurten zortzigarrenez antolatuko da jardunaldia. Azaroaren 15ean Bilbon dagoen Euskararen Etxean bilduko ditu bideojokozaleak eta euskaltzaleak.
Ohiko formatuari eutsiko dio ekitaldiak. Goizean industriako adituek eskainitako lau hitzaldi entzun ahalko dira: beste urte batez, hizlari guztiak euskaldunak izango dira, etxean dagoen maila apartaren adierazleak izanik. Mintzalariak azaro hasieran iragarriko badira ere, bideojoko diseinua, garapena, animazioa zein itzulpengintza jorratuko direla aurreratzen dute antolatzaileek. Ostean, Digipen Europe Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleekin osatutako mahai ingurua jarraitu ahalko dute bertaratzen direnek.
Aldi berean, etxeko txikienei zuzendutako Gamer Gela ekimena bideratuko da Euskararen Etxean. Euskarazko bideojokoen erakusleihoa izango da: gure mintzairan joka daitezkeen tituluak ezagutzera emango dira, hauek probatzeko aukera eskainita. Izan ere, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendak 201 obra biltzen ditu egun: batzuk, euskal garatzaileek zuzenean euskaraz argitaratutakoak dira; besteak, zaleek egindako lanari esker ofizialki edo ez-ofizialki itzulitako bideojokoak.
Sarrera irekia da; hortaz, nahi duen edonori hurreratzera animatu diete antolatzaileek. Etorri ezin direnek zuzenean —edo ostean— ikusteko aukera izango dute, halere: ekitaldi osoa zuzenean emango da EITBren webgunetik.
Aipatu modura, azaroaren 15eko jardunaldiari buruzko informazio guztia datorren hilabetearen hasieran jakitera emango dute prentsaurrekoarekin batera: egitarau osoa Jokotekniaren webgune ofizialean aurkitu ahalko da.
Lander Unzueta
Iruzkinak