Azaroaren 7rako deialdia egin dute Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak: Bilboko La Perrera espazioan egun osoko ekimena antolatuko dute.

Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia bederatzigarrenez egingo da. Antolakuntzaren arduradun diren Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak topaketaren eduki guztiak zehaztu dituzte.

Aitziber Atorrasagasti Hizkuntza Politika Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaria, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioaren zuzendariak eta Lander Unzueta Game Erauntsia Elkarteko kideak parte hartu dute 2026ko Jokotekniaren aurkezpenean aurtengo egitaraua ezagutzera emateko.

Azaroaren 7an, 09:45etik 20:00etara egingo da ekimena: hemen aurki daiteke egitaraua. Aurten, egoitzaz aldatuko da, Bilboko La Perrera espazioan jarduera guztiak antolatuta, eta, tartean, berritasun esanguratsuak proposatuta: sarrera irekia izango da, Jokotekniaren ateak zale guztiei irekita.

 

Euskal Herriko garatzaileentzako erakustaretoa

Euskal bideojokogileen 1. azoka ekarriko du 9. Jokotekniak. Euskal Herriko bideojoko estudioak eta sortzaileak elkartuko dira, lehenengoz, beren lanak ezagutzera emateko balioko duen erakustaretoa osatzeko. Hamasei erakusmahai egongo dira, Euskal Herrian edo euskaraz garatutako tituluak probatzeko aukera eskainita.

Aldi berean, bideojokoen munduaren orbitan aurkitzen diren esparruetako eta zaletasunetako euskal sortzaileek ere parte hartuko dute azokan; esaterako, Euskal Manganime Komunitatea euskarazko mangak eta animeak aurkezten egongo da, eta Rolariak elkarteko kideek euskarazko rol partidak antolatuko dituzte.

Azokaren baitan, Gamer Gela ekimena prestatuko du Game Erauntsiak. Euskarazko bideojokoen erakusleihoak azokara hurreratu ezinik geratu diren obrak aditzera emateko balioko du, garatzaileek ofizialki eskainitako tituluak nahiz zaleek edo Game Erauntsiak lokalizatutako bideojokoak probatzeko aukera bideratuta.

 

Hitzaldiak eta mahai-ingurua

Aipatutakoekin batera, ohiko edukiak eta formatua ere mantenduko dira: Lau hitzaldi eta mahai-ingurua eskainiko dira, euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz. Bideojokoen Euskal Jardunaldian bideojokoei lotutako denetariko gaiak aurkeztea eta horien inguruan hausnartzea izaten da helburua. Hori horrela, Euskal Herritik ezagutzeko daukaguna agerian jartzen saiatuko da, beste behin, bideojokoak eta euskara uztartuz.

  • Lehenik eta behin, Paula Olaz konpositoreak bideojokoetarako musika sortzeko erronkak eta pausoak azalduko dizkigu.
  • Bigarrenik, Josu Igoa bideojokozaleak itzulpengintza eta euskaratze prozesuari buruz hitz egingo digu, bere kabuz hainbat bideojoko gure hizkuntzara lokalizatu baititu.
  • Hirugarrenik, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa edukiko ditu ardatz bere hitzaldian, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibilita.
  • Azkenik, Nestor Uriarte bideojokogile eta Rockstar Game Workers Union sindikatuko ordezkariak azken hilabeteetan enpresa ezagunean bizitako egoerari buruz hitz egingo digu.
  • Aurkezpenen atalari bukaera emateko, mahai-ingurua antolatuko da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin: Oier Elorduy, Laia Antxutegi eta Iker Abasolo ikasleek parte hartuko dute, hurrenez hurren.

Hizlarien informazio orokorra, hauei egindako elkarrizketak eta jorratuko dituzten gaien inguruko laburpenak Jokotekniaren web orrialdean argitaratuko dira datozen egunotan. Hurreratu ezinik geratzen direnek, gainera, EITBren webgunetik edo YouTube plataformatik ikusteko aukera egongo den zuzeneko emanaldiarekin jarraitu ahalko dituzte hitzaldiak.