Bilboko Euskararen Etxean arlo desberdinetako aditu nahiz bideojokozale euskaldunak bildu dira Euskararen Etxean.

Bideojokoak euskararekin batzeko eta bidea elkarrekin jarraitzeko helburua duen Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiak VIII. edizioa burutu du. 2025eko biltzarrean, urtero lez, era guztietako adituak, sortzaileak, garatzaileak eta zaleak elkartu dira industriako adar desberdinei Euskal Herritik heltzeko.

Larunbat goizean abiatu zen Jokoteknia. Bideojokalari euskaldunei harrera eginda, etxeko bideojokoen industriaren eta jokozaleen diagnostikoa egiteko, Euskal Herriko bideojoko garatzaileen eta jokalarien joerak ikusteko, eta, guretzat garrantzitsuena, elkar ezagutzeko zein desbirtualizatzeko topaketari ekin zitzaion.

Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendaria eta Lander Unzueta Game Erauntsia Elkarteko kidea arduratu ziren sarrera emateaz. Aurten hiru hizlariren aurkezpenak jarraitu dituzte hurbildu direnek —baita EITBren webgunean edo YouTube katean eskainitako zuzenekoa ikusten ibili zirenek—.

 

Aditu euskaldunak

Hasteko, Asier Garatxena Gaua Games estudio bilbotarreko garatzailearen hitzaldia entzun zuten bertaratutakoek. Nola biziraun bideojoko industrian idearik gabe izeneko hitzaldian talde independentea eratzeko bidea nahiz zailtasunak eta lehen jokoa argitaratu ahal izateko hartu beharreko erabakiak eta egin beharreko lanak azaldu zituen Garatxenak. Izan ere, euren estreinaldi titulua, Darby Is Here Forever, “laster” argitaratuko dute.

Ostean, Naiara Ordorika proiektu kudeatzaileak hartu zuen hitza Lokalizazioaren prozesua enpresa handi batean ponentziarekin. Nintendo of Europe enpresan urte luzez lan egin ondoren, QA Tester zein Software Localisation Producer lanpostuetan bizitako esperientziak partekatu zituen. The Legend of Zelda: Breath of the Wild, Mario Kart 8, Splatoon, Metroid Prime Trilogy zein Dread… joko ugaritan parte hartu du, testuak zuzentzeaz zein lantaldea kudeatzeaz arduratuz. Ezusteko asko aurkitu zituen Nintendon, baita Xenoblade Chronicles 3ko munstro bilakatzeko aukera ere.

Hitzaldiekin bukatzeko, Eneko Azedo sortzailearen gomendio eta aholku interesgarriak entzun genituen. RPG bideojokoak nondik datoz? aurkezpenaren atzean rol jokoen jatorria zein bideojoko proiektuei aurre egiteko gakoak eta prozesua azpimarratu zituen Azedok. Gainera, Adur Azken Erronka bideojokoa aurkeztu, eta Itsulapikoa webgunearen bidez abiatutako finantzazio kanpainaren berri eman zuen.

Jokotekniarekin bukatu aurretik, dagoeneko tradizio bilakatu den Euskal Herrian bideojokogintzari lotutako zenbait zentrotako ikasleak bildu ziren. Horrela, Gema Ormazabal, Itziar Alberdi eta Markel Ordorika ikasleak  —DigiPen Europe Bilbao zentroko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga ikastetxeko ordezkariak, hurrenez hurren— Euskal Herriko bideojoko industriaren egoerari buruz mintzatu ziren, egungo zein etorkizuneko ametsak partekatuz, indartu eta sustatu beharreko arloen inguruan hausnartuz eta aholkuak partekatuz, zein publikoko entzuleen ideiak barneratuz.

 

Ideiak partekatzen eta dokumentatzen

Jokoteknia ez da urte bakarreko lana, ordea. Aurreko edizioetako adituek helarazi dizkiguten ideiak, azalpenak eta proiektuak alboratu eta ahaztu beharrean, 2021eko, 2022ko eta 2023ko biltzarretan eskainitako hitzaldiak biltzen dituen Jokotekniaren 2. liburuxka aurkeztu zuten Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak zortzigarren edizioaren aterpean.

Aurkezpena Itziar Zorrakin liburuaren editoreak eskaini zuen, egindako lana azalduz eta halako liburuaren beharrizana gogoratuz. 2. liburuxka paperean zein formatu digitalean argitaratu da. Azkue Fundazioak Bizkaiko liburutegi publiko guztietara bidaliko du paperezko ale bana. Game Erauntsia Elkartetik, bestalde, liburua Euskal Herriko liburutegi eta kulturgune desberdinetatik zabaltzeko lana egingo da.

Bukatzeko, kopia digitala EPUB formatuan eta dohainik eskaini da. Hemen sakatuta jaitsi daiteke. 2022an argitaratutako lehen liburuxka, berriz, esteka honetatik deskarga daiteke.

Biltzarrak iraun bitartean, gainera, etxeko txikienek euskarazko bideojokoak ezagutzeko eta probatzeko Gamer Gela ekimena prestatu zen. Hainbat izan ziren ondo pasatzeko asmoarekin hurreratu zirenak, eta, gurasoekin batera, Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurkitzen diren 202 tituluetako batzuetan barneratzeko aukera izan zuten.

Ohi bezala, Jokotekniaren zortzigarren edizioa aurrera eramateko jasotako laguntza eskertu nahi dugu Game Erauntsia Elkartetik eta Azkue Fundaziotik. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak, SPRI – Enpresa digitalak, EITBk zein DigiPen Europe-Bilbao, Harrobia eta Tartanga zentroek parte hartu dute aurtengo biltzarrean.