Bideojokoen munduko aditu euskaldunek zein zaleek egun osoko ekitaldian bat egingo dute Bilboko La Perrera espazioan.

Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren bederatzigarren edizioa egingo da azaroaren 7an La Perrera espazioan, Bilbon, 09:45etik 20:00etara.

Lau hitzaldi eta mahai ingurua eskainiko dira euskal bideojokogintzaren esparru anitzak aztertzeko asmoz. Lehenik eta behin, Josu Igoa bideojokozaleak itzulpengintza eta euskaratze prozesuari buruz hitz egingo digu, bere kabuz hainbat bideojoko gure hizkuntzara lokalizatu baititu. Bigarrenik, Paula Olaz konpositoreak bideojokoetarako musika sortzeko erronkak eta pausoak azalduko dizkigu. Hirugarrenik, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa edukiko ditu ardatz bere hitzaldian, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibilita. Azkenik, Nestor Uriarte bideojokogile eta Rockstar Game Workers Union sindikatuko ordezkariak azken hilabeteetan enpresa ezagunean bizitako egoerari buruz hitz egingo digu.

Aurkezpenen atalari bukaera emateko, mahai-ingurua antolatuko da Digipen Europe-Bilbao Institute of Technology-ko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga Lan Heziketarako Zentro Integratuko ikasleen parte hartzearekin.

Aurtengo berritasun handia Euskal bideojokoen 1. azoka izango da, ordea. Euskal Herriko bideojoko estudioak eta sortzaileak elkartuko dira, lehenengoz, beren lanak ezagutzera emateko balioko duen erakustaretoa osatzeko. Hamabost bat erakusmahai egongo dira, Euskal Herrian edo euskaraz garatutako tituluak probatzeko aukera eskainita. Aldi berean, bideojokoen munduaren orbitan aurkitzen diren esparruetako eta zaletasunetako euskal sortzaileek ere parte hartuko dute azokan; esaterako, Euskal Manganime Komunitatea euskarazko mangak eta animeak aurkezten egongo dira, Rolariak Elkartea euskarazko rol partidak antolatuko dituzte, eta Pantailak Euskaraz taldetik euskarazko ikus-entzunezkoen egoera zein eskaintza azaltzen ariko dira.

 

Gamer Gelarekin, etxeko txikienentzako euskarazko eskaintza aditzera ematen

Bukatzeko, azokaren baitan, Gamer Gela ekimena prestatuko du Game Erauntsiak. Euskarazko bideojokoen erakusleihoak azokara hurreratu ezinik geratu diren obrak aditzera emateko balioko du, garatzaileek ofizialki eskainitako tituluak nahiz zaleek edo Game Erauntsiak lokalizatutako bideojokoak probatzeko aukera bideratuta.

La Perrera espaziora hurbildu ezinik geratzen direnentzako, gainera, jardunaldia zuzeneko streaming bidez jarraitzeko aukera eskainiko da EITBren webgunetik zein YouTube plataformatik.

Bizkaiko Foru Aldundiko foru entitate Azkue Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babespean lan egiten duen Game Erauntsia Elkarteak elkarlanean antolatutako ekimena da Jokoteknia. Aurten, Bilboko La Perrera espazioaren babesa ere jaso dute jardunaldiak prestatzerakoan.