Bilboko Euskararen Etxean lau hitzaldiz eta mahai inguruaz gozatu ahalko da goizean; arratsaldean, berriz, euskarazko bideojokoen erakustaldia eskainiko da.
Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia azaroaren 9an itzuliko da. Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak zazpigarren urtez elkarlanean antolatzen dugun topaketak euskara bideojokoekin batzeko bidearekin jarraituko du. Euskal Herrian bideojokogintzaren denetariko esparruak lantzen dituzten adituak batuko ditugu; modu horretara, zaletasun hau alor eta ikuspegi desberdinetatik aztertuko dugu.
VII. Jokotekniaren aurkezpenean parte hartu genuen Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, Joseba Lozano Santos Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendariak, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioaren zuzendariak eta Lander Unzueta Game Erauntsia Elkarteko kideak.
Esan bezala, azaroaren 9rako jarri dugu hitzordua: Bilboko Euskararen Etxean elkartuko gara, beste batez, bideojokoen euskal festa ospatzeko. 09:45ean hasiko da jardunaldia, 13:00etan goizekoekin bukatzeko.
Lau hitzaldi eta mahai ingurua jarraitu ahal izango dira bideojokoen munduko askotariko alorretan murgiltzeko asmoz. Hasteko, Unai Arrugaeta lehen hezkuntzako irakasleak bideojokoak mugatzeko eta erabiltzeko aholkuak plazaratuko ditu. Bigarrenik, Ibai Oihanguren software ingeniari eta bideojokozaleak itzulpengintzari nahiz euskaratutako bideojokoei buruz hitz egingo digu. Hirugarrenik, Maite Martinez Atabey Creations estudioko kideak bideojokoen marketingari lotutako diseinuaren gakoak eskainiko dizkigu. Azkenik, Mikel Antero Keplerians taldeko arte zuzendariak Glitchmare bezalako bideojokoen sormen prozesua aurkeztuko digu.
Mahai inguruari dagokionez, Harrobia, Tartanga eta DigiPen Europe-Bilbo ikasteetxetako ikasleek parte hartuko dute, ikasketei zein Euskal Herriko bideojokoen industriari buruz hausnartzeko.
Arratsaldea, euskaraz jokatzeko
Goiza hitzaldientzat izango da, baina, arratsaldean, Jokotekniak beste bide batetik jarraituko du. 16:00etatik 19:00etara bitartean euskarazko bideojokoen erakustaldia egingo dugu: Gamer Gela. Gure hizkuntzan joka daitezkeen hainbat joko ezagutzeko eta probatzeko aukera egongo da; hortaz, etxeko txikienak, nerabeak, gurasoak nahiz bideojokozalerik amorratuenak biltzeko toki aproposa izango da.
Sarrera irekia izango da; hau da, edonor hurbil daiteke ekimenaz gozatzera goizean zein arratsaldean. Horrez gain, interesatuek jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango dute EITBren YouTube katetik.
Hizlarien aurkezpenak eta emango dituzten hitzaldien laburpenak Jokotekniaren web orrialdean irakur daitezke.
Geroz eta bideojokozale gehiago gara Euskal Herrian; zorionez, zaletasun hau partekatzeko txokoak eta aukerak ere areagotzen joan dira azken urteotan. Jokoteknia industria zabal hau jarraitzen duen jendea ezagutzeko eta beraiekin ideiak partekatzeko nahiz gunea izatea nahi dugu: bideojokozale euskalduna bazara, ez ezagu galdu aukera, eta anima zaitez!
Iruzkinak