Sarbide goiztiarrean kaleratuko da Nexile taldearen joko ospetsuaren hobetutako bertsioa. Probaldia antolatu dute astebururako.
Jump King Quest otsailaren 12an estreinatuko dela iragarri du Nexile estudioak. 2020an argitaratutako Jump King plataforma abentura originalaren jarraipena izango da.
“Multijokalari-borroka-plataforma-RPG” titulu bezala bataiatu dute egileek. Aurreko jokoaren plataforma mekanikak mantenduta, borroka sistema sakona prestazeko asmoa daukate: jauziak ondo kalkulatu beharko ditugu, dueluak irabazteko asmoa badaukagu, behintzat.
Kaleratzea, baina, sarbide goiztiarrarena da. Multijokalariari bideratutako abentura da Quest, eta egileek eratu duten sistema berria probatzeko biderik egokiena early access sistemaren bitartekoa dela adierazi dute Steam plataformako orrialdean.
Online ezaugarriei dagokienez, edozein unetan gainerako jokalariekin topo egin dezakegula azpimarratzen da, abenturako NPCez gain. Zirrara pixkat ematearren, ez dugu jakingo nor den laguna, eta nor etsaia… norbere erabakia izango baita. Askotan erabakirik egokiena ihes egitea dela aurreratzen digute, baina, kontuz, arerioek bukaeraraino jarraitu ahal gaituzte-eta.
Atal grafiko eraberrituarekin dator Jump King Quest: pixel art originala 2.5 dimentsioko estetikarengatik ordeztu dute oraingoan. Kokaleku guztiak eskuz diseinatutakoak direla diote, halere, prozeduralki sortutako inguruneak alboratuta.
Sarbide goiztiarrak urtebete eta bi urte arteko iraupena edukitzea bilatzen dute Nexilekoek. Amaitzerakoan, hamabi kokaleku handi baino gehiago, multijokalari osoa, mailaz igotzeko sistema, ziegak zein buruzagiak eta askoz gehiago inplementatuta egotea da helburua.
Jump King Quest iaz estreinatu behar zen: irailean early accessa abiatzea aurreikusita zeukaten. Beharrezko kalitate maila lortzeko, baina, berandutzeko erabakia hartu zuten.
Guztia probatzeko aukera egongo da otsailaren 12an sarbide goiztiarrari ekin aurretik, zorionez: otsailaren 1etik 2ra probaldia antolatuko dute garatzaileek. Izena emateko aukera Steameko jokoaren orrialdean aurkituko dugu.
Iruzkinak