Pokémon frankiziaren enpresa sortzailean 33 urte igaro ondoren joan da. Sormen buruarena izango da bere kargu berria.

Game Freak estudioaren kosortzaile Junichi Masudak enpresa utzi duela jakitera eman du. Ez da urrun joango, ordea: The Pokémon Companyra igaro dela adierazi du garatzaile japoniarrak.

Pokémon frankizia sortu zuen garatzaile taldea 1989. urtean eratu zen. Aurretik bideojokoak lantzen zituen aldizkari txikia zen Game Freak; Masuda Satoshi Tajiri eta Ken Sugimori sortzaileekin batu zenean murgildu ziren bideojokoen industrian. 33 urtez aritu da Masuda bideojokoak sortzen Game Freakekin: Pokémonen titulu nagusi guztietan parte hartzeaz gain Drill Dozer, Mario & Wario eta Yoshi bezalako lanetan ibili da 54 urteko garatzailea.

Programatzaile lanak egin izan ditu horietan, baina musikagilearena izan da bere rol nagusia. Pokémon sagako doinurik ezagunenak Masudarenak dira, hain zuzen ere. The Pokémon Companyn sormen burua izango dela adierazi du sortzaileak: “Pokémon markaren ezagutza sakona zerbitzu eta produktu berriak ekoizteko” aprobetxatuko dela nabarmentzen da enpresaren prentsa oharrean.

Masudaren adierazpenak ere bildu dituzte, gainera: “Etorkizunari begira, bideojokoen mugak gainditzea espero dut mundu osoko pertsonei dibertsioa, zirrara eta ezustekoak eskaintzen saiatuta”, dio japoniarrak. Aldi berean, “jendea konektatzeko, “jokoaren” taldea areagotzeko eta parteka dezakegun mundurik zabalena eratzeko eskura dudan guztia” egingo duela aldarrikatu du.

 

Toby Fox, Undertale-tik Pokémonera

Atzo ikusi genuen Pokémonen hurrengo titulu handien bigarren trailerra: mundu irekia, joko kooperatiboa eta iragana zein etorkizuna izango dira Scarlet eta Violet interesgarrien ardatzak.

Horrez gain, sagako musikagileetako baten itzuleraren berri izan dugu: Toby Fox garatzaile estatubatuarra Pokémonera itzuliko da berriz. Undertale indie RPG abentura bikainaren arduradunak Scarleteko eta Violeteko abesti batzuk konposatuko dituela adierazi du. Ez da sakelako munstroekin lan egiten duen lehen aldia: Sword eta Shield ataletako soinu bandan ere lan egin zuen.