Errefau erabiltzaileak simulazio joko arrakastatsua gure hizkuntzara lokalizatu du. Ordenagailuko bertsioa euskara dezakegu.

Euskarazko bideojokoen zerrenda eguneratuz hasiko dugu 2024. urtea. Lehena, gainera, bideojoko maitatu baten jarraipen bikainaren lokalizazioari dagokio: Jurassic World Evolution 2 interesgarrian gure mintzairan jokatzeko aukera daukagu orain.

Errefau zaleak egindako lanari esker joka dezakegu PCko bideojokoan euskaraz. Arduradunak Nexus Mods webgunean argitaratu du itzulpena: adierazten duenez, jokoko “testu guztiak daude itzulita, JWen datu baseko sarrera gehienak eta hainbat elkarrizketen azpitituluak izan ezik”. Hala ere, hauek eguneratzen jarraitzeko asmoa agertu du itzultzaileak.

Euskaraz jokatzeko jarraitu beharreko pausoak errazak dira. Lehenik eta behin, Nexus Modsetik jaitsi beharko dugu itzulpena: horretarako, ezinbestekoa da erabiltzailea sortuta edukitzea. Hori eginda, JWE2 instalatuta daukagun karpetara jo beharko dugu, eta bertako Localisation (Loc) karpetako fitxategiak jaitsitakoengatik ordezkatu.

Horrela, bideojokoa euskaratuta izango dugu: ingelesezko testuak aldatzen dituenez, jokoa hizkuntza honetan egon beharko da euskaraz jokatu ahal izateko.

 

Simulazioa dinosauroekin

Parkeak eta dinosauroak kudeatzea da helburu nagusia Jurassic World Evolution 2n. Amerikako Estatu Batuetatik aske dabiltza piztiok —Jurassic World filmen gidoia jarraitzen dute jokoek—, eta hauek harrapatzea eta berriz parkean biltzea proposatuko digu tituluak.

Publikoari zabaldutako parkea denez, dinosauroentzako zein bisitarientzako gune aproposa eratu beharko dugu. Horretarako eraikinak prestatu beharko ditugu, noski, baita zientzialari talde egokia osatu ere. Kanpaina modalitate sakona eskaintzeaz gain, modu askean parkeak kudeatzeko tresnak ahalbidetzen dizkigu JWE2k; bukatzeko, erronka desberdinak proposatuko dizkie jokalariei.

75 dinosauro mota ikusiko ditugu jokoan; gainera, hauek eraldatzeko bideak edukiko ditugu. Espezie bakoitzak bere nortasuna nahiz ezaugarriak dauzka, eta hauek zaintzeko kudeatzaile adituetan bihurtu beharko gara.

Ohi bezala, Jurassic World Evolution 2ren itzulpena Game Erauntsiaren euskarazko jokoen zerrendara gehitu dugu! 2024ko lehena da; aurretik, baina, 149 bideojoko gehitu ditugu.