Garatzaile lanetan daukan denboraren inguruan hausnartu ondoren hartutako erabakia dela dio. Ez du zehaztu bideojokogintzan jarraituko duen.

Katsuhiro Harada garatzaile eta ekoizle japoniarrak Bandai Namco enpresa zein Tekken borroka jokoen saga atzean utziko dituela iragarri du.

Sare sozialen bidez zabaldutako mezuaren bitartez ezagutarazi du erabakia. “Azken urteetan, nire bizitza pertsonalean hurbileko hainbat lagunen galera bizi izan dut, eta, nire bizitza profesionalean, zeharo errespetatzen ditudan kide nagusiagoen erretiroa zein galera ikusi”, dio Haradak.

Ken Kutaragi Sony Computer Entertainment-eko arduradun ohiari —PlayStation-en aitarekin, alegia— iritzia eta laguntza eskatu ondoren hartu omen du Bandai Namcotik aldentzeko erabakia.

31 urte baino gehiago eman ditu Haradak Bandai Namcon lanean; Tekken sagan 1994. urtetik ibili da. Tekken 3ren, ziurrenik, sagako atalik maitatuenaren, zuzendarietako bat izan zen, eta, azken ataletan, ekoizle eta aholkulari lanak burutu ditu. Zaleen artean aski ezaguna da, txapelketetan zein promoetan parte hartzeko joera eduki baitu japoniarrak, baita bere bideoak ekoiztearena ere.

Tekken bere kuttunetako bat izan bada ere, Bandai Namcoren beste hainbat frankizia ezagunetan parte hartu edo lagundu du, gainera: SoulCalibur, Ace Combat, Pokken Tournament, Dark Souls III nahiz Tales of Arise jokoetako kredituetan aurki dezakegu, besteak beste.

Urteko azken egunotan utziko du Bandai Namco. Hala eta guztiz ere, urtarril bukaerako Tekken World Tournament Finals txapelketatik igaroko dela aurreratu du.

Are gehiago, DJ lanak ere burutu ditu: TEKKEN: A 30-Year Journey – Harada’s Final Mix abesti zerrenda prestatu eta argitaratu du japoniarrak.

Enpresa utziko badu ere, etorkizuneko helburuak eta proiektuak aipatu gabe utzi ditu Haradak: “Nire hurrengo pausoak beranduago argituko ditut”, adierazi du, beharbada, bideojokogintzan murgilduta jarraitzeko asmoa daukala aitortuz.