Ember Lab taldearen lehen jokoak esplorazioa eta borrokak batzen ditu. PlayStation zein PC gailuetatik igaro da dagoeneko.
Kena: Bridge of Spirits abentura jokoa Xbox Series eta Xbox One kontsoletan estreinatuko dela jakinarazi du Ember Lab estudioak. Abuztuaren 15erako prest egongo dela aldarrikatu dute iragarpen bideoaren bitartez.
Atal grafiko ederragatik egin zen ezaguna Kena 2021. urtean PlayStation kontsoletan eta PCan estreinatu zenean; dena den, bideojoko ikusgarri bezain dibertigarria da Ember Laben debutekoa. 3D abentura klasikoen eskema jarraitzen du: esplorazioa nahiz borrokak ditu ardatz, puzzle gutxi batzuekin. Egitura lineala daukan arren, dozenaka objektu bilduko ditugu elementuak desblokeatzeko.
Xboxen estreinatuko den bertsioak ez du berritasun handirik ekarriko: ezaugarri kosmetiko pare bat agertzen dira trailerrean, baina hori da eduki berri bakarra, itxura batean. Hori bai, orain arteko DLC guztiekin helduko da, joko berria + modalitatea zein hainbat magia ekarriko baititu.
Orokorrean, balorazio onak eskuratu dituen titulua da Kenarena. Goraipatzekoa, Ember Laben lehen jokoa dela kontuan hartuta; aurretik, animazio zinematikak egiteaz arduratzen zen taldea. Eurena da, esaterako, orain zazpi urte argitaratutako The Legend of Zelda: Majora’s Mask-en Terrible Fate labur ospetsua.
Aipatu modura, Kena: Bridge of Spirits abuztuaren 15etik aurrera jokatu ahalko dugu Xbox kontsoletan.
Iruzkinak