Ember Lab taldea Kena: Bridge of Spirits ederraren jarraipena prestatzen ari da: aurten kaleratuko du.
Kena: Scars of Kosmora aurkeztu du Ember Lab taldeak. Ordenagailuetan zein PlayStation 5 kontsolan argitaratuko da.
2021ean ikusi genuen Kena: Bridge of Spirits itxurosoaren jarraipenean Kena espirituen gida helduagoa eta jakintsuagoa ezagutuko dugu. Kosmorako lurralde ezezagunetara joko du oraingoan: mundu zabala eta koloretsua prestatzen dabiltza egileak, herri eta gune mordoarekin.
Alkimia erabiltzen ikasita, espirituen gidaritza mota berria kontrolatuko du protagonistak; horrela, abilezia eta mugimendu desberdinak erabiliko ditu. Indartzen joango diren espirituak ezagutuko ditugu: hauekin batera borroketan parte hartu eta oztopoak gaindituko ditu Kenak.
Beste behin, atal grafiko estilizatu bezain indartsua prestatzen dabiltza Emberrekoak —Majora’s Mask – Terrible Fate zinematikarekin egin ziren ezagunak 2016an—: animazio filmerik onenen parera iristea lortzen dute bideoetan zein jokatzeko ataletan.
Lehen jokoak balorazio apartak eskuratu zituen, eta bigarrenarekin aldez aurretik egindakoa hobetzea eta hedatzea dute helburu: horretarako, PlayStationen babesa jaso dutela iragarri dute arduradunek. Aurten egiaztatuko dugu daukaten maila PCan zein PS5ean.
Lander Unzueta
Iruzkinak