Carlos Coronado garatzaile katalanarekin elkarlana abiatu dute euren beldurrezko lehen titulua ordenagailuetarako berregiteko.

Evil Nun: The Broken Mask beldurrezko jokoak bizirik jarraitzen du. Horrela adierazi du Irungo Keplerians estudioak beren sare sozialen bitartez: lehenengo Evil Nunen remakea izango da.

Titulua 2020. urtean iragarri zuten: printzipioz Glowstick Entertainment estatubatuarrak garatu behar zuen aurten estreinatzeko, baina garapen prozesuak arazoak izan direla dirudi; izan ere, azalpen gehiagorik eman gabe, bideojokoa Kepleriansek eratuko duela jakitera eman dute orain. Hori bai, beldurrezko jokoetan aditua den garatzaile baten laguntza jasoko dute: Carlos Coronadorena.

Inferniumeuskaraz joka daitekeen MIND: Path to Thalamus eta beste zenbait proiektu propioren sortzailea izateaz gain, Coronadok Left 4 Dead 2-ko Warcelona mod famatua garatu zuen. Garatzaileak, ohi bezala, jokoaren sorkuntza bere Twitch kanaletik partekatuko du: edozeinek ikus dezake nola garatzen duen Evil Nunen remakea, txataren bidez parte hartzeko aukera edukita.

Coronadok Game Erauntsiak eta Azkue Fundazioak antolatutako Jokotekniaren I. Jardunaldietan parte hartu zuen, bere beldurrezko bideojokoen testuinguruari eta girotzeari buruzko azalpenak emanez. Hemen ikus dezakezue bere aurkezpena:

Jatorrizko Evil Nun gailu mugikorretarako kaleratu zen 2018an, baina birsorkuntza PC-ra iritsiko da: Steam bidez merkaturatuko dute gipuzkoarrek. Abentura goitik behera birdiseinatuko dute, puzzleak, kokalekuak nahiz atal grafikoa zerotik eratuta. Hala ere, helburua berbera izango da: eskola erlijioso zahar batean egiten den udalekuetan harrapatu zaituen moja maltzurrarengandik ihes egitea. Remakea sei titulutan banatuko dute, eta joko originaletik haratago joango da, kokaleku berriak eskainita.

Argitaratze datari buruzko informazio zehatzik eman gabe, “laster” estreinatuko dela diote Kepleriansekoek.