Enhanced Edition bertsioa eskuragarri dago jada PlayStation 5-erako eta Xbox Series-etarako askotariko hobekuntzekin batera.

Simulatzaile eta sormen obra benetan berezia izan zen 2015. urtean kaleratutako Kerbal Space Program. Sekulako arrakasta lortu eta hainbat plataformetatik igaro ondoren, belaunaldi berriko kontsolen txanda iritsi da: izan ere, ustekabean kaleratu dute Kerbal Space Program Enhanced Edition.

PlayStation 5 eta Xbox Series X zein S kontsolek jaso dute espazio simulatzailearen behin betiko bertsioa. Nola ez, azken kontsolen indarra erabiltzen duen hobekuntzekin egin du: bereizmen areagotua, framerate eta errendimendu hobea eta argiztapen zein testura eraberrituak dira, besteak beste, gaineratutakoak. Horiez gain Enhanced Editionek jokoaren espantsio eta eduki gehigarri guztiak biltzen ditu. Blitworks estudio katalana arduratu da Squad garatzailearen lana porteatzeaz.

Kontsoletako beste bertsioekin egin bezala, aginteentzako euskarria dauka belaunaldi berriko port honek. Halere, saguarekin eta teklatuarekin jokatzera ohituta dauden horientzako hauek erabiltzeko aukera ere gehitu dutela ezagutzera eman dute. Hori horrela espazio ontziak diseinatu eta hauek kudeatzeko tresnak nahi bezala erabili daitezke.

Kerbal PlayStation 4-an edo Xbox One-an erosita dutenek doan jasoko dute kontsola berrietarako bertsioa.

Bitartean Squadekoek bigarren atala prestatzen jarraitzen dute. 2020an estreinatzeko asmoa zuten iragartzerakoan, baina ordutik hona bi atzerapen jasan ditu: une honetan 2022ko udazkenean kaleratzea aurreikusten dute.