Ontziak sortzea izango da jokoaren lehen helburua: gure pertsonaiari ezaugarri desberdinak eskainita, borrokatzen jarriko dugu.

Double Fine estudioak bideojoko berria aurkeztu du Xbox Developer_Direct emanaldiaren aterpean. Kiln izenarekin, multijokalarira bideratutako borroka joko berezia garatzen ari da.

Lau lagunek osatutako bi taldek elkarren aurka egingo dute partida frenetikoetan. Izaera berezia protagonistetatik hasten da: pitxerrak zein ontziak kontrolatuko ditugu, baina, lehia bakoitzaren aurretik, gurea sortu beharko dugu.

Buztingintza faktorea gehitzen dute, hortaz, egileek: sormen prozesuan zeramikazko ontziei forma eta tamaina desberdinak emanda, hauen ezaugarriak, indarguneak eta ahulguneak zehaztuko ditugu. Aproposena den borrokalaria eratzea izango da gakoa, ondoren brawler erako norgehiagoketan parte hartzeko.

Power Stone saga edo Tom eta Jerry bikotearen Fists of Furry gogora ekartzen duen 3D borroka joko kaotikoa da Kiln, beraz. Borrokalekuetan objektuak erabiliko dituzte ontziek, bakoitzaren abilezia bereziekin batera.

Helburu nagusia ura biltzea izango da, baina adi: ura eramateko forma egokiak sortuz gero, ontziek bizitza gutxiago izango dute. Ura lortuta, arerioen basera jo beharko da: zeramika labea itzali beharko dugu garaipena lortzeko.

Ideia zoragarri eta zoroa Double Finek antolatzen duen Amnesia Fortnight deitutako barne Game Jam ekimenean jaiotakoa dela diote egileek. Bertatik atera ziren, baita, Costume Quest edo Stacking maitatuen proposamenak.

Kiln udaberrian merkaturatuko du Xboxek: Xbox Series kontsoletan zein PCan eta PS5ean jokatuko dugu.