PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan jasoko dugu. XV. mendeko Bohemiara bidaiatuko dugu berriro Henry protagonistarekin.
Warhorse Studios taldeak Kingdom Come: Delivarence 2 iragarri du ofizialki. 2024 urte bukaeran kaleratuko dute rol joko arrakastatsuaren bigarren atala.
PC, PlayStation 5 zein Xbox Series gailuetan jokatu ahalko dugu. Helburua Warhorsen lehen jokoan ikusitakoak hobetzea eta hedatzea da: maparen tamaina bikoiztuko dutela azaldu dute aurkezpenean, eta, orokorrean, rol elementuak ere areagotuko direla dirudi.
Horren harira, gure erabakiek are pisu handiagoa edukiko dute jarraipenean: aukerek nahiz ondorioek harritu egingo gaituztela diote egileek.
Jarraipena dela esanda, zuzena dela ere aipatu beharra dago. Protagonista errepikatuko dugu Henry —ez horren— gaztearekin, baita kokaleku orokorra ere: XV. mendeko Bohemiara itzuliko gara. Hiriek zein herriek girotze errealista mantenduko dute, baina, oraingoan, gehiago izango dira, baita handiagoak ere.
Borrokek bide berbera jarraituko dute: armaden arteko gudak nabarmenagoak izango dira oraingoan, baina duelu gogorrak eta errealistak ditu nagusi KC: D2k.
Gure armen nahiz armaduren pisuak berebiziko garrantzia hartuko du, besteak beste. Berritasunak ikusiko ditugu armategi aldetik, gainera: baleztak erabiltzeaz gain, lehen suzko armak ere hartuko ditu Henryk.
Esan bezala, Kingdom Come: Deliverance 2 2024 bukaeran kaleratuko du estudio txekiarrak. Egungo belaunaldiko plataformetan jokatu ahalko dugu.
Iruzkinak