Tokioko ekimenean kontzertua, garatzaileen arteko solasaldiak eta askoz gehiago eskainiko dute. Sagaren Switch-erako bilduma otsailaren 10ean estreinatuko da.
Square Enix-en eta Disney-ren arteko elkarlan ospetsuak 20 urte beteko ditu: Kingdom Hearts frankiziaren 20. urteurrena ospatzeko ekimen berezia iragarri dute arduradunek. Apirilaren 10ean egingo dute Tokion, hainbat ezusteko eskainita.
Sare sozialetan aipatu dutenez, Kingdom Hearts 20th anniversary ekitaldian frankiziako doinuak gogorarazteko kontzertu berezia, garatzaileen zein arduradunen arteko solasaldiak eta “askoz gehiago” eskainiko dute. Ekimenaren ostean honen bideoa argitaratuko dutela baieztatu dute gainera, mundu osoko jarraitzaileek ikusteko aukera izan dezaten.
20. urteurrena ospatzeko albiste bereziarekin batera, Nintendo Switcheko erabiltzaileei zuzendutako beste bat zabaldu dute Square Enixekoek. Urrian iritsi zen Sora protagonista Super Smash Bros. Ultimate-ra, eta horrekin batera sagako joko nagusiak kontsola hibridorako prestatzen ari zirela iragarri zuten japoniarrek.
Otsailaren 10ean iritsiko dira guztiak Switchera: Kingdom Hearts HD 1.5 + 2.5 ReMIX Cloud Version, Kingdom Hearts HD 2.8 Final Chapter Prologue eta Kingdom Hearts III + Re Mind Cloud Version izango dira, zehazki. Hauek bilduma desberdinen bidez kaleratuko dituzte; hori bai, izenburuetan irakur daitekeen bezala hodeiko bertsioak izango dira. Hau da, streaming bidez soilik jokatu ahalko da hauetara.
Gainera, joko guztiak bilduko dituen bilduma erraldoia ere iragarri dute: Kingdom Hearts Integrum Masterpiece izenarekin, aipatutako guztiak joko bakarreak batuko ditu. Hauen demoak dagoeneko probatu daitezke eShop bidez.
Iruzkinak