Eraldatzeak PCko KH IIrekin funtzionatzen du oraingoz, baina KH originala, KH Birth by Sleep eta KH Dream Drop Distance tituluentzako aldaketak gehitu nahi ditu.

Kingdom Heartsen zaleak denbora luzez egon ziren Final Fantasy eta Disney batzen dituzten joko klasikoak PCra iristeko. Kostata, baina jaso genituen; hori lortuta, Square Enix-en tituluak are gehiago hobetzen dituen KH Re:Fined eraldatzea argitaratu berri du bideojokalari talde batek.

“Kingdom Heartsen jokatzeko behin betiko bidea” dela diote eraldatzearen arduradunek. Dozenaka aldaketa eta hobekuntza txiki inplementatzea da proiektuaren helburua, baita akats zuzenketak ere, eta KH IIrekin hasi dira.

Gelen arteko trantsizioetan automatikoki partida gordetzea, joko arruntetako zein Final Mix bertsioetako ezaugarri bereziak gehitzea, bizitza kalitate hobekuntza txikiak inplementatzea… zerrenda erraldoia prestatu dute.

Sortutakoak laburbiltzeko bideo berezia prestatu dute egileek. Roxas-en sarrera saihes dezakegu, plus partida berrietarako eskertzekoa; gainera, KH IIIn ikusitako ‘prestatu eta errepikatu’ aukera egongo da orain partida bukaerako pantailan, etsai nagusi zail horientzako beharrezkoak aldatzeko partidan atzera egin behar izan gabe; edo, bestela, atal grafikorako hobekuntzak ere datoz, zinematiketan fps tasa areagotuz, adibidez.

Agerikoa den bezala, akatsen zuzenketak edozein jokalarik nahiko dituenak dira; bestelako aldaketa handiak, agian, ez dira horren erakargarriak izango guztientzat. Horretan pentsatuta, OpenKH Mod Manager erabilita deskargartzeko eta instalatzeko Re:Fineden bertsio desberdinak prestatu dituzte. Ez hori bakarrik: komunitateak sortutako modak instalatzeko bideak ere eskaintzen dira.

Lan ederra horrenbeste denboraz PCtik kanpo egon diren joko maitatuak zaintzeko. Esan bezala, bigarren jokoarentzako hobekuntzak inplementatuz hasi dira, baina dagoeneko Kingdom Hearts originala, PSP kontsolako Birth by Sleep zein Nintendo 3DS eramangarriko Dream Drop Distance eraldatzeko lanarekin hasiak dira.

Github orrialdean azaltzen dutenez, pantaila ultrazabalentzako euskarria, jokoa ixterakoan sortzen diren arazoak ekiditeko adabakia, edo akatsak dituzten audioen zuzenketak prestatuko dituzte hauentzat, beste hainbat aldaketen artean.

Steam zein Epic Games Store saltokietako Kingdom Hearts -HD 1.5+2.5 ReMIX- bertsioekin funtzionatzen du Re:Fined modak. Hemendik jaitsi daiteke.