Hamaika abentura batuko dituzte lau bideo-jokorekin. Epic Games Store saltokiaren bidez estreinatuko dira ordenagailuetan.
Orain 20 urte Square Enixek Final Fantasy eta Disneyko pertsonai eta munduak batzen zituen bideo-jokoen saga arrakastatsuari hasiera eman zion. Ordutik hona era guztietako plataformetan ikusi dira Kingdom Heartsen jokoak: PS2tik hasita kontsola Game Boy Advancean, DSan, mugikorretan, smartphonetan eta azken kontsola berrienetan kaleratu dituzte rol abentura horiek. Halere, PCko jokalariek ez dute behar bezala jokatzeko aukerarik izan; hori aldatzeko asmoz Kingdom Heartsen joko nagusi guztiak ordenagailuetarako kaleratuko ditu Square Enixek martxoaren 30ean.
Iragarpena Epic Games Story Spring Showcasean egin zuten joan den astean. Hori horrela, Epic Games Storean argitaratuko dira, hasiera batean behintzat, Sora, Donald eta Goofy eta beste lagunen abenturak.
Saga osoa hainbat bilduma eta bakarkako jokoen bidez helduko da PCra. Hasteko, Kingdom Hearts HD 1.5 + 2.5 Remixek lehen bi KHen birmasterizazioak, Kingdom Hearts Re:Chain of Memories, Kingdom Hearts 358/2 Days, Kingdom Hearts Birth by Sleep Final Mix eta Kingdom Hearts Re:Coded bilduko ditu. PS2, GBA, DS, PSP eta mugikorretako jokoen behin betiko bertsioak ikusiko dituzte beraz zaleek bilduma horretan.
Bigarren produktua Kingdom Hearts HD II.8 Final Chapter Prologue da. Bertan jatorriz 3DSrako kaleratutako Kingdom Hearts Dream Drop Distance HD, Kingdom Hearts 0.2 Birth by Sleep eta Kingdom Hearts χ Back Cover filma bildu dituzte arduradunek.
Kingdom Hearts III bakarka estreinatuko da PCan. Hori bai, Re Mind eduki gehigarriarekin batera egingo du Soraren sagari bukaera eman zion jokoa osorik jokatu ahal izateko. Azkenik, pasa den urtean merkaturatutako Kingdom Hearts Melody of Memory ere bakarka helduko da Epic Games Storera.
Horrela, orain arte Kingdom Heartsek jasotako bideo-joko nagusietara jokatzeko aukera edukiko dute PCkoek. Tetsuya Nomura zuzendariak sagarekin jarraitzeko asmoa erakutsi zuen berritasunak aginduta, beraz suposatzekoa da datozen abentura berrietara ere jokatu ahal izango dela ordenagailuetan.
Iruzkinak