Redemption Road Games eta tinyBuild taldeek aurten merkaturatuko dute PCan.
Kingmakers noizean behin azaltzen diren indie proposamen sinple bezaien eroetako bat da. Mount & Blade bezalako Erdi Aroko batailen jokoen mekanikei pistolak, metrailetak, granadak edo autoak gehituko dizkio… aldi berean estrategia elementuak inplementatuta.
Ez dirudi nahaste aproposa denik, baina trailerrak kontrakoa erakusten digu. Ehundaka soldaduren aurka ariko gara, sekulako sarraskiak eraginez. Borroken ikusgarritasuna txalotzekoa da, gainera: atal grafiko aparta dakar titulu independenteak.
Gudu zelaian ikusiko ditugun lagunen zein arerioren adimen artifiziala nabarmentzen dute egileek: “hurrengo belaunaldiko AIak batailako soldadu bakoitzaren erabakitzeko ahalmena, bidea aurkitzeko gaitasuna eta leialtasuna kontrolatzen ditu”. Animazioak prozeduralki sortzeko sistema ere aipatzen dute, borrokei aparteko dinamikotasuna eskaintzeko.
Premisa orokorra hori bada ere, etorkizunera bidaiatuko dugula dirudi: hiltzear dagoen munduaren azken itxaropena gara, eta hau salbatzeko 500 urte atzera egin beharko dugu.
Horren ondorioz ahalmen bereziak lortuko ditugula dirudi: batailan estrategia ikuspegira alda dezakegu gure soldaduei aginduak emateko nahiz gotorlekuak edo harresiak eraikitzeko.
Hau guztia irakurrita, ziurrenik buruan daukazuen galderetako bat multijokalariarena da: bai, online kooperatiboa ahalbidetuko du Redemption Road Gamesen lanak.
tinyBuild indie argitaletxeak jakitera eman duenez, asmoa Kingmakers 2024 honetan kaleratzea da. Oraingoz, ordenagailuetan baino ez dugu ikusiko.
Iruzkinak