Datorren hilabetean probaldi irekiak eskainiko ditu lasterketak jokoak. Azaroaren 20an estreinatuko da Switch 2an.

Bigarren Nintendo Direct emanaldia eskaini du Masahiro Sakurai zuzendariaren Kirby Air Riders tituluak. Air Ride ezezagunaren jarraipenak jasoko dituen berrikuntzetan ardaztu da japoniarra aurkezpenaren bigarren atalean.

Dozenaka eduki bildu ditu Sakuraik bideoan, baina Road Trip joko mota da esanguratsuena. Istorio modalitate gisa funtzionatuko du, Air Ride, City Trial eta Top Ride modalitateetako erronka zein desafio desberdinak bilduz. Roguelike mekanikak ikusiko ditugu bertan: ibilbide bakoitza hasterakoan bide desberdinen artean hautatuko dugu, erlojupekoak, elementuak suntsitzeko lasterketak edo borrokak aurkituz. Tartean sekretuak eta desblokeatzeko elementuak ikusiko ditugu.

Top Ride modalitatea aipatuta, hau itzultzen dela ere aurreratu du zuzendari japoniarrak. Izar eta makina gaineko lasterketak ikuspegi zenitalarekin jokatzera eramango gaitu, bira zorrotzagoak eta partida motzagoak eskainita. Zortzi gidari batuko dira, gehienez, erronka hauetan.

Sareko jokoak bideratzeko Paddock ezaugarria, ibilgailuz aldatzera eramango gaituen Swap Relay joko mota, Transform Star makina berezia zein lorpenak eta desafioak biltzen dituen Checklist modalitatea erakutsi dizkigu, baita, Sakuraik.

Zirkuituak, gidariak eta ibilgailuak ez dira gutxi izango, gainera: guztira hemezortzi kokaleku ikusiko ditugu, baina Air Ride originaleko bederatzi zirkuituak itzuliko direla baieztatu da aurkezpenean; City Trial joko motan taldekako borrokak lehiatzeko aukera egongo da orain; Rocky, Rick, Scarfy, Marx edo Waddle Dee pertsonaiekin jokatu ahalko dugu… Laburbilduz, eduki mordoa eskainiko ditu Air Ridersek.

Azaroaren 20an kaleratuko da Switch 2 kontsolan. Zorionez, aurretik eskaintzeko duenaren probatxoa dastatzeko aukera edukiko dute jokalariek: Kirby Air Riders: Global Test Ride probaldia iragarri du Sora estudioko zuzendariak.

Hiru zirkuitu probatzeko aukera egongo da bi modalitatetan zehar. Online funtzionalitateak ere probatu ahalko dira, gainera. Egun eta ordutegi hauetan abiatuko dute proba irekia:

  • Azaroak 8: 09:00 / 15:00
  • Azaroak 9: 01:00 / 07:00
  • Azaroak 9: 16:00 / 22:00
  • Azaroak 15: 09:00 / 15:00
  • Azaroak 16: 01:00 / 07:00
  • Azaroak 16: 16:00 / 22:00

Air Ridersen lehenengo Direct aurkezpenean erakutsitakoak hemen laburbildu genituen.