Bola arrosaren abenturarik handiena martxoaren 25ean estreinatuko da Switch-ean. Ezaugarri guztiak ezagutzera emateko trailer luzea prestatu dute.
Ustekabean estreinatu da Kirby and the Forgotten Land interesgarriaren doako proba Nintendoren eShop saltoki digitalean. Demoarekin batera jokoari buruzko xehetasun gehiago eskaini dituzte: horien artean, lagun batekin batera aritzeko aukera.
Sei minutu inguruko trailerrarekin azaldu dituzte berritasun guztiak. Bigarren jokalariak Bandana Dee-ren kontrola hartuko du; bere lantzarekin Kirbyri lagunduko dio maila bakoitzeko erronkak gainditzen. Bola arrosaren abilezia bereziak erabiltzerakoan Bandana Deek ere zenbait ekintza berezi egingo ditu.
Ahalmen horien inguruan ere jardun dira bideoan. Ohiko Kirbyren abileziak ikusiko ditugu: arerioak xurgatuta suzko edo izotzezko transformazioak, ezpata, magia eta beste hainbat ezaugarri eskuratuko ditu. Berritasun modura, kokalekuetako objektu desberdinekin transformatzeko aukera edukiko du protagonistak; hori bai, ez dira xurgatze arruntak izango: autoak, konoak, eskailerak eta beste hainbat elementu hartu eta erabili ahalko ditu.
Waddle Dee izakien herrixkatxoaren berri ere eman dute arduradunek. Izaki hauek erreskatatu ahala, herrixka hazten joango da. Bertan minijokoetan parte hartuko, hainbat bilduma osatuko eta bizilagunekin hitz egingo dugu.
Demora itzulita, 20 bat minutuko iraupeneko proba izango dela zehaztu dute N Handikoek. Bi zailtasun maila eskainiko dituzte edonork joka dezan.
Kirby and the Forgotten Land martxoaren 25ean merkaturatuko da Nintendo Switcherako.
Iruzkinak