Bola arrosa hiru dimentsioetako abenturan murgilduko da oraingoan. Botereak, lagunak eta minijokoak ezagutzera eman dituzte trailer berri batekin.
Irailean aurkeztu zuen Nintendo-k lehen aldiz Kirby and the Forgotten Land Nintendo Direct batean. Lur misteriotsuetara bidaiatuko du bola arrosak hurrengo abenturan, eta arduradunek dagoeneko zehaztu dute noiz esploratu ahalko diren horiek: martxoaren 25ean kaleratuko dute Nintendo Switch kontsolan.
Argitaratze data bideo batekin baieztatu dute. Bertan, gainera, Kirbyk izango dituen ahalmenak eta ezaugarriak ezagutu daitezke. Ohi bezala, protagonistak etsaiak xurgatzeko eta hauen abileziak eskuratzeko boterea edukiko du abentura honetan. Ezpatarian bilakatu, arerioak izoztu eta sagaren zaleek ondo ezagutzen dituzten mugimenduak lortzeaz gain, transformazio berriak ere aurkeztu dituzte Nintendokoek.
Zulagailuarekin lurazpian sartu eta gaiztoak erasotzeko mugimendu bereziak eskuratuko ditu Kirbyk; Ranger bilakatuta urrun dauden bilauak akatzeko ahalmenak lortuko ditu pistola koloretsuarekin, bestalde.
Abandonatutako hiri erraldoia bisitatu beharko du Kirbyk Forgotten Land honetan; bideoan ikus daitekeenez, kokalekuen aniztasuna nabarmentzekoa da: merkatal zentroak, hondartzak, jolas parkeak eta askoz gehiago ikusiko dituzte jokalariek.
Horrez gain, Kirbyren lagunak bueltatuko dira. Bandana Dee-rekin minijoko desberdinetan parte hartzeko aukera egongo dela dirudi, eta Waddle Dee alaien herrixka esploratu ahalko da gainera. Meta Knight hilgarria ere hortik ibiliko da, noski.
Martxoaren 25ean merkaturatuko da Kirby and the Forgotten Land.
Iruzkinak