18:00etatik aurrera Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako egitasmoaren azken partiden zuzeneko jarraipena egingo dugu.

Gazte bilbotarrak su eta gar ibili dira Klikazank Bilboko Game Playerren Lehian parte hartzen apirilean. Hilabetea bukatzen doala txapelketari amaiera emateko unea hurbiltzen doa baita, eta bihar jokatuko dituzte Rocket Leagueko azken partidak fase finalera heldu diren jokalariek.

Hain zuzen ere lau jokalari ariko dira bukaerako fasean: finalerdiak eta final handia lehiatuko dira bihar 18:00etan hasita. Lehenengo eta behin TestiesZeus681 partaideak Hakzy9482ren aurka egin beharko du finalera igarotzeko; ondoren gauza berbera egingo dute Orovich eta Rayoier10 jokalariek. Bi lehia hauetako irabazleak izango dira final handian txapeldun bihurtzeko aukera edukiko dutenak jarraian.

Azken fase honetako lehiak hiru partidatik onenera jokatuko dira: irabazlea derrigor bi norgehiagoketan garaile izan beharko da beraz. Aurretik egin bezala bost minutuko iraupeneko partidak izango dira azken hauek Soccar joko mota klasikoan.

 

Jarraitu Youtubetik zein Twitchetik

Finalerdiak zein finala zuzenean ikusteko aukera egongo da: Game Erauntsiak azken fasearen jarraipena egingo du sarean. Il4rgi eta Oihukatu kideak ariko dira esatari lanak egiten, jokaldi bakoitza jarraituta eta gol bakoitza ospatuta.

Partidak Klikazanken webgunetik zein Game Erauntsiaren Twitch kanaletik jarraitu ahalko dira bihar 18:00etatik aurrera hasiko den zuzeneko berezian.

Modu horretara guztira 37 norgehiagoka bizi izan dituen Klikazank txapelketari bukaera emango zaio. Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako txapelketa da: Bilboko 10 eta 18 urte bitarteko ikasleak aritu dira jokatzen Klikazanken apirilean.

Izan ere, programaren helburu nagusia Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da. Hori lortzeko Rocket Leaguen txapelketa hau bezalako gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako aukerak batzen ditu ekimenak.