Euskararen Etxean batu ziren zortzi finalistak Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak prestatutako ekimenari bukaera emateko.
Klikazank Bilboko Gamerren Lehiak hirugarrenez aurkitu du Rocket League-n gidaririk trebeena. Realkiller gazte bilbotarra nagusitu da zortzi finalisten artean bizitako norgehiagoka zirraragarrietan.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank programaren egitarauaren baitan prestatutako Klikazanken azken lehiak Euskararen Etxean burutu ziren: Enaitz_18_, Realkiller, Oro, Txina23, G4rra18, Bullkiller, Juanpablor-sofir eta AthletikXD lehiakideek parte hartu zuten final laurdenetatik hasita.
Partidak Euskararen Etxean jarraitzeko aukeraz gain, beti bezala Game Erauntsiaren Twitch katetik ere eskaini ziren:
Bakoitzak bere gustuko aginte mota hartuta, tentsioa nagusi zen lehia bakoitzaren hasieran: hainbat minutu behar izaten zituzten kamera eta kontrolak nahi bezala konfiguratzeko eta entrenamendu modalitatean probak egiteko. Xbox-eko, PlayStation-eko nahiz Switch-eko aginteak ikusi genituen, baina baita teklatuak eta saguak ere: azken horiekin lortu zuen garaipena Realkillerrek.
Hala eta guztiz ere, giro ederrean eta animo oihuekin ibili ziren partaideak; ez da harritzekoa, golak barra-barra ikusi baitgenituen. Partidu bakoitzean hamar tantotik gora ikustea ohikoa zen, behin baino gehiagotan zifra hori gaindituz: bakarkako norgehiagokak zirela kontuan hartuta, erritmo bizia nagusi izan zela azpimarratu beharra dago.
Final laurdenak partidu bakarrera jokatu ziren: berez bost minutukoak izan arren, golen erauntsiarekin, konfigurazioaren tartetxoekin eta urrezko golekin iraupena nabarmen luzatu zen. Dena dela, partida bizkorrek jokaldi oldarkorrak eta biziak eskaini zituzten; ez zegoenez denbora galtzerik, lehiakideak garaipenaren bila abiatu ziren ziztu bizian.
Finalerdietan Enaitz_18ren eta Txina23ren zein Realkiller nahiz Bullkiller (hiltzaileen lehia) partiduak ikusi genituen. Kasu honetan hirutik onenera aritu ziren partaideak: aurkaria ezagutzeko denbora gehiago edukita, duelu lasaiagoak eta patxadatsuagoak izan ziren nagusi.
Zirrara eta emozioa itzuli ziren berriz, baina, final handian. Enaitzen eta Realkillerren arteko duelua ikustekoa izan zen: beste behin hirutik onenera jokatu zen, eta bakoitzak garaipen bana eraman zuen lehen bi partidetan. Baloia alde guztietatik eraman zuten bi gidariek: txapelak, eztandak, aireko jokaldiak eta askoz gehiago ikusi genituen bukaerako norgehiagokan.
Esan bezala, azkenean Realkillerrek lortu zuen txapeldun izatea. Hirugarren dueluan lortutako zazpi golekin Enaitzen aurretik jarri zen bilbotarra. Bi finalistek —baita aurreko lehiakide guztiek ere— kiroltasun maila aparta erakutsi zuten, bata bestearen jokaldiak goraipatuz eta emaitza edozein zela ere aurkaria zorionduz.
Txapeldunek sari handiak eraman dituzte etxera. Realkiller irabazleak bideojokoak erosteko 150 euroko opari txartela eskuratu zuen; txapeldunak aditzera eman zuenez, partidak ikustera hurreratu ziren lagunen artean partekatzeko asmoa dauka. Txapeldunordeak, aldiz, gauza bera egiteko 50 euroko txartela irabazi zuen.
Bideojokoak euskararekin elkartzen
Klikazank Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren eskaintza barruan kokatzen den ekimena da. Harrapazanken helburu nagusia gazte bilbotarren artean euskara sustatzea da; horretarako, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu.
Aurten 10 eta 16 urte bitarteko bilbotarrek parte hartu dute Klikazanken. Finalean mutilak bakarrik ikusi baditugu ere, izena eman duten 89 parte hartzaileen artean neskak ere egon direla nabarmendu beharra dago.
Hori esanda, argi dago Klikazank euskaraz gauzatu dela bere osotasunean: partaideek, antolatzaileek, finaleko esatariek zein Euskararen Etxera hurbildu zirenek nahiz Twitchetik partidak jarraitu zituztenek bideojokoez euskaraz goza daitekeela aldarrikatu zuten.
Iruzkinak