Norgehiagokak Euskararen Etxean jokatu ziren larunbatean. Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako Harrapazank egitasmoaren baitan kokatu dira.
Klikazank Bilboko Gamerren Lehia laugarrenez jokatu da. Helburua: Rocket League-n gidari bilbotarrik trebeena aurkitzea. 2024ko txapelketan Iker_bela gazteak eraman du garaikurra final ikusgarria jokatu ondoren.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank programa baitan prestatzen Klikazank. Fase finala Euskararen Etxean lehiatu zen: Enaitz_18_, Iker_bela, VerusST eta Beltz1965 lehiakideek parte hartu zuten, finalerdietatik abiatuta.
1v1 dueluak, beste behin, hirutik onenera jokatu ziren. Urduritasuna izan zen nagusi hasiera batean, baina, aginteak hartu bezain laster ondo ezagutzen zuten munduan barneratu ziren jokalariak. Partida bakoitza kontrolak zein kamera nahi bezala konfiguratuz hasten zen: partaideek hainbat minutu hartzen zituzten dena euren gustura jartzeko, eta aurkariei behar bezala aurre egiteko.
Autoak eta futbola batzen dituen partidak hasita, abiadura eta eromena nagusitu ziren; izan ere, baloia zelaiaren alde batetik bestera mugitzen zen denbora guztian. Halakoak izan ohi dira banako partidak, bai, eta jokalarien maila ikaragarriak are gehiago bermatu zuen. Golen zaparrada zebilen, eta, horren ondorioz, bost minutuko partidak nahiko luzatzen ziren.
Finalerdietan Enaitz_18 jokalaria nagusitu zen Beltz1965en aurrean; Iker_belak, berriz, VerusST garaitu zuen. Ostean hirugarren postuaren lehia bizi zen: Beltzek bere maila bikaina agerian jarri zuen, finalean parte hartzeko moduko jokalaria zela adierazi nahian.
Azken duelu nagusia oso berdinduta ibili zen: Ikerrek zein Enaitzek, biek trebezia ikaragarria erakutsi zuten Psyonix taldearen bideojokoan, baloia ukitzen zuten bakoitzean aurkariaren atera bideratuz. Euskararen Etxean batu ginen ikusleak aho bete hortz geratu ginen, batez ere, airean trikimailuak eta tiroak egiteko zeukaten abileziarekin.
Nahiz eta biak maisuak izan, Iker_bela izendatu zen txapeldun. Bilboko Rocket League jokalaririk onenaren garaikurra eramatearekin batera bideojokoak erosteko 150 euroko opari txartela eskuratu zuen antolatzaileen eskutik; 50 euroko txartel bera lortu zuen, berriz, bigarren sailkatuak.
Partaide gazteek erakutsitako kiroltasun maila nabarmentzekoa izan zen, gainera. Giro ederrean eta bata besteari zoriontzen, bideojokoak elkarrekin gozatzeko egindakoak direla aldarrikatu zuten jokalariek.
Twitch bidez ere jarraitu ziren partidak. Ohi legez, Game Erauntsiak norgehiagoka guztiak eskaini zituen bere katean.
Rocket League, bideojokoak eta euskara
Harrapazanken helburu nagusia gazte bilbotarren artean euskara sustatzea da; horretarako, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu.
2024ko ekimenak 10 eta 16 urte bitarteko bilbotarrak bildu ditu. Klikazank euskaraz gauzatu da bere osotasunean: partaideek, antolatzaileek, finaleko esatariek zein Euskararen Etxera hurbildu zirenek nahiz Twitchetik partidak jarraitu zituztenek bideojokoez euskaraz goza daitekeela adierazi zuten.
Iruzkinak