Bilboko Euskararen Etxean ikusi ahalko da, baina online emanaldia ere eskainiko dute Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak.

Klikazank txapelketak Bilboko Rocket League jokalaririk onenak bilduko ditu laugarrenez. Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako ekimenaren final handia maiatzearen 25ean lehiatuko da.

11:30ean hasiko dira norgehiagokak Euskararen Etxean. Sailkatuek final erdiak nahiz azken partida jokatuko dituzte: Iker_bela14, Enaitz_18_, VerusST eta Beltz1965 gazte bilbotarrek euren abilezia erakutsi beharko dute auto gaineko futbol zirraragarrian.

Atzo jokatu zen kanporaketa fasean maila ikaragarria nabarmendu zen jokalarien artean. Rocket League zale amorratuenak nagusitu ziren sailkapenean, ohi bezala, baina azken partiduetan pareko maila zegoela nabari zen: berdinketak ikusi genituen hainbat norgehiagoketan, nahiz eta jokaldi izugarriak burutu.

Soccar modalitatea hautatu dute berriz antolatzaileek; hau da, Rocket League modalitate ezagunena, autoak eta futbola batzen dituena. Gidatze trebea erakusteaz gain, baloia kontrolatzen, hau zerutik eramaten eta geldiketak egiten jakin beharko dute lehiakideek. Turboak berebiziko garrantzia edukiko du: modu aproposean erabiltzen duenak txapeldun izateko aukera esanguratsuagoak izango ditu.

Hiru partidatik onenera izango dira finalean lehiatutako partidak; kanporaketa fasean, ordean, partida bakarrera lehiatu dira partaideak.

Sari bereziak daude jokoan, lehia grina pizteko asmoz: txapeldunak 150 euroko opari txartela eskuratuko du bideojokoak Nintendo eShop, PlayStation Store, Steam edo beste edozein saltoki digitaletan erosi ahal izateko. Bigarren sailkatuak, bestalde, 50 euroko txartela lortuko du.

 

Ikusi finala etxetik

Laugarren Klikazanken azken Euskararen Etxean jarraitzeko aukera edukiko dute bertaratzen direnek, esan bezala. Halere online ere eskainiko dira: Game Erauntsiaren Twitch katetik emango ditugu partidak.

Iazko lehiak ikusi nahi badituzue, hemen duzue egindako zuzenekoaren bideoa:

Klikazank Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan kokatzen den ekimena da. Honen helburu nagusia Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da; horretarako, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu Harrapazankek.