Bilboko Udalaren eta Euskaltzaleen Topagunearen antolatutako lehiaketa maiatzean jokatuko da. Bideojokoen tailerrak ere antolatu dituzte.

Klikazank txapelketa laugarrenez lehiatuko da Bilbon. Rocket League ardatz duen ekimenak 10 eta 16 urte bitarteko jokalari bilbotarrak elkartuko ditu futbola eta autoak uztartzen dituen bideojokoan daukaten trebezia agerian jartzeko.

Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako txapelketa izango da Klikazank. Izen ematea irekita dago Harrapazank egitasmoaren webgune ofizialean; otsailaren 29an itxiko dute.

 

Maiatzetik aurrera

Txapelketa, bestalde, maiatzean lehiatuko da. Ohi bezala, bi fasetan banatuko dute: kanporaketa fasea online jokatuko dute partaideek. Jokalari kopuruaren arabera egun bakarrean edo zenbaitetan jokatuko dira sare bidezko partidok. Izen ematea ixterakoan zehaztuko dute antolatzaileek.

Bukaerako fasea, berriz, Euskararen Etxean ospatuko dute: Klikazanken finala aurrez aurreko ekimena izango da, beste behin. Finalerdiak zein final handia egun berean jokatuko dira: maiatzaren 25an, 11:30ean. Kanporaketa faseko lehen lau sailkatuak elkar ikusiko dute bertan.

Game Erauntsia ere tartean egongo da, noski: finala euskal bideojokozaleen elkarteko Twitch katearen bitartez jarraitu ahal izango da, esatari eta guzti, zuzenean.

Txapeldunek edozein bideojokozalerentzako interesgarriak diren sariak eramango dituzte etxera. Hasteko, irabazleak 150 euroko opari txartela eramango du etxera gura dituen bideojokoak erosteko; bukatzeko, txapeldunordeak 50 euroko txartela jasoko du.

 

Txapelketaren egitura

Aurreko Klikazanken formatu berbera mantenduko dute Rocket Leaguen partiduek; hau da, 1vs1 lehiak ikusiko ditugu.

Soccar joko mota klasikoan jokatuko dute bilbotarrek: futbola eta kotxeak batzen dituena, hain zuzen ere. Partidek bost minutuko iraupena edukiko dute; horiek igarotzerakoan berdinketa egonez gero, urrezko gola sartzen duenak jarraituko du txapelketan.

Lehen fasea partida bakarrera jokatuko da; finaletan, berriz, hiru partidatik onenak lortuko du garaipena.

Esan bezala, lehen kanporaketa fasea online jokatuko da; partidak antolatzeko bideojokoaren txapelketa sistema erabiliko da. Hori dela eta, aldez aurretik txapelketaren izena eta pasahitza jasoko dute partaideek: adierazitako egunean eta orduan jokotik lehiaketara sartu beharko dira.

 

Rocket League, doan eta plataforma guztietan

Psyonix estudioaren bideojokoa, kirol elektronikoetara bideratuta egoteaz gain, doan eskura daiteke, Klikazanken estiloko txapelketa antolatzeko aproposa izanik.

PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan eskura daiteke; ez hori bakarrik, joko gurutzatuari esker (Crossplay) aipatutako kontsolen eta ordenagailuen jokalarien arteko partiduak sor daitezke. Horregatik, plataforma guztietako erabiltzaileak gonbidatuta daude Klikazanken parte hartzera.

 

Bideojokoez euskaraz gozatzeko tailerrak

Bideojokoen txapelketarekin batea bideojokoez euskaraz gozatzeko tailerrak eskainiko ditu aurtengo Harrapazank egitasmoak. Martxoaren 15ean eta apirilaren 12an Gamer Gelak egingo dituzte: 17:30ean euskarazko bideojokoak ezagutzeko eta jokatzeko aukera edukiko dute bilbotarrek Euskararen Etxean.

Streamer Tailerretan, beste aldetik, Twitch-eko eduki sortzaileen munduan murgiltzeko beharrezkoak ikasiko dituzte Bilboko gazteek. Martxoaren 22rako eta apirilaren 19rako antolatu dituzte, berriro, Euskararen Etxean.

Bi tailerretan parte hartzeko izena ematea derrigorrezkoa da: Klikazanken webgunean bete daiteke fitxa.

Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan aurkitzen da Klikazank txapelketa. Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da Harrapazank programaren helburua. Hori lortzeko gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako aukerak batzen ditu ekimenak.