Bilboko Rocket League jokalaririk onenak elkartuko ditu Bilboko Udalaren eta Taupa Mugimenduaren ekimenak. Aurrez aurre zein online jarraitu ahalko dira partiduak.
Bilboko Udalak eta Taupa Mugimenduak Rocket League jokalaririk trebeena bilatzen dute, beste behin. Klikazank txapelketaren bosgarren ekimenean ezagutuko dugu: finala maiatzaren 24an lehiatuko da.
Lehen fasean parte hartutako lau finalistek finalerdiak, eta, ondoren, final handia jokatuko dituzte: Beltz1965, Keko_8A, DrColetas eta Aitori101 izan ziren atzo burututako partidetako onenak.
Euskararen Etxean 11:30ean hasiko da azken fasea. Aurrez aurre jarraitu nahi dutenek Bilboko egoitzara hurbildu besterik ez dira egin behar; bestela, Game Erauntsiaren Twitch katetik ikusi ahalko da zuzenean gure esatariek egindako jarraipenarekin. Hemen daukazue iaz egindako zuzenekoa:
Aurreko fasean egin modura, Soccar joko mota klasikoa hautatuko da; alegia, turboak eta ezinezko jauziak egiten dituzte autoak futbolarekin elkartzen dituen modalitatea. 1vs1 partiduak ikusiko ditugunez, erabiltzaileek bakarka moldatu beharko dira erasotzerako zein defendatzerako orduan.
Azken lau urteetan ikusitako Klikazanken finalak ikusgarriak izan dira, eta bosgarrena ere maila berean mantentzea espero da, lehen faseko jokaldiak ikusita. Horrela, baloia kontrolatzeko iaiotasuna erakutsi dute jokalariek, hau zerutik eramaterakoan izugarrizko kontrola mantenduz. Turboa ezinbestekoa dute horretarako, noski, baina unerik egokienean erabiltzen jakin behar da.
Sariak irabazleentzat
Urtero lez, Rocket Leaguen jokalaririk trebeenek sariak lortzeko aukera daukate. Klikazanken txapeldunak 150 euroko opari txartela eskuratuko du bideojokoak erosi ahal izateko. Kodea nahi duen plataformarako izango da (Nintendo eShop, PlayStation Store, Steam, etab.). Bigarren sailkatuak, bestalde, 50 euroko opari txartela lortuko du.
Klikazank Bilboko Udalak eta Taupa Mugimenduak Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan kokatzen den ekimena da. Helburu nagusia Bilboko gazteen artean euskara sustatzea izanik, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako askotariko aukerak batzen ditu Harrapazankek.
Iruzkinak