Bilboko Udalak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak antolatutako ekimena maiatzean jokatuko da. Izen ematea abian da.
Klikazank txapelketaren bosgarren edizioa iragarri dute Bilboko Udalak eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak. Urtero lez, 10-16 urte bitarteko bilbotarrek —2009 eta 2014 urteen artean jaiotakoek, beraz— Rocket League dibertigarriko autoen gurpil aurrean dituzten abileziak aditzera emateko ekimena izango da.
Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan aurkitzen da Klikazank. Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da Harrapazank programaren helburua: hori lortzeko, gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako aukerak batzen ditu ekimenak.
Maiatzean jokatuko den lehiaketan banakako norgehiagokak dira ardatz; hau da, 1vs1 partidak lehiatuko dira. Izen ematea dagoeneko zabalik dago webgune ofizialean; martxoaren 3an itxiko da.
Online eta aurrez aurre
Bi fasetan banatuko da aurtengo Klikazank txapelketa. Lehena online kanporaketa fasea da: izen emate kopuruaren arabera, egun bakarrean edo hainbatetan jokatuko dira lehen norgehiagoka horiek. Antolatzaileak jokalariekin harremanetan jarriko dira egunak zehazteko, baina maiatzean jokatuko da kanporatze fasea.
Bigarren fasea eta azkena presentziala da. Maiatzaren 24an Bilboko Euskararen Etxean batuko dira finalistak. Goizeko 11:30etik aurrera jokatuko dira azken partidak, eta, bertatik zuzenean ikusteko aukerarekin batera, Game Erauntsiaren Twitch katetik ere jarraitu ahalko dira.
Nola ez, zirrara pixkat sortzeko sariak egongo dira jokoan. Irabazleak bideojokoak erosteko 150 euroko opari txartela irabaziko du; txapeldunordeak, berriz, 50 euroko txartela jasoko du.
Futbola autoekin
Klikazankeko Rocket League partiduek aurreko urteetako formatu berbera errepikatuko dute. 1vs1 erako lehiak ikusiko ditugu soccar joko mota klasikoan: futbola eta kotxeak batzen dituenean, alegia. Partidek bost minutuko iraupena edukiko dute; horiek igarotzerakoan berdinketa egonez gero, urrezko gola sartzen duenak jarraituko du txapelketan.
Lehen fasea partida bakarrera jokatuko da; finaletan, berriz, hiru partidatik onenak lortuko du garaipena.
Esan bezala, lehen kanporaketa fasea online jokatuko da; partidak antolatzeko bideojokoaren txapelketa sistema erabiliko da. Hori dela eta, aldez aurretik txapelketaren izena eta pasahitza jasoko dute partaideek: adierazitako egunean eta orduan jokotik lehiaketara sartu beharko dira.
Kontsoletan zein ordenagailuan, doan
Psyonix estudioaren bideojokoa Klikazankentzat aproposa da hainbat zergatirengatik: kirol elektronikoetara bideratuta egoteaz gain, doan eskura daitekeela azpimarratu beharra dago.
PC, PlayStation5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan eskura daiteke; ez hori bakarrik, plataforma arteko jokoari esker (Crossplay) aipatutako kontsolen eta ordenagailuen jokalarien arteko partiduak sor daitezke. Horregatik, plataforma guztietako erabiltzaileak gonbidatuta daude Klikazanken parte hartzera.
Animatu, eta parte hartu!
Iruzkinak