Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako lehiaketa apirilean gauzatuko da. Izen ematea zabalik dago jada.

Bilboko 10-18 urte bitarteko ikasleek lehia zirraragarri batean parte hartzeko aukera edukiko dute. Rocket League ardatz modura hartuta gauzatuko den Klikazank txapelketak gazte bilbotarren trebezia agerian jartzeko balioko du apirilean.

Harrapazank gazteentzako euskarazko aisialdi programaren baitan Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako txapelketa izango da Klikazank. Izen ematea dagoeneko zabalik dago ekimenaren webgunean. 2003 eta 2009 urte bitartean, biak barne, jaiotako txiki eta nerabeek parte hartu dezakete; horrez gain beharrezkoa da Bilbon bizi edota ikastea.

IZENA EMATEKO SAKATU HEMEN

Rocket League PC, PlayStation 4, Xbox One eta Switcherako doan eskuratu daiteke. Crossplay edo plataformen arteko jokoari esker kontsoletako zein ordenagailuetako jokalariek elkarrekin jokatzeko aukera dute sarean. Beraz, edozein plataformatako erabiltzaileak gonbidatuta daude Klikazanken parte hartzera.

Bi jokalariren arteko lehiak

Partiden formatuari dagokionez, 1vs1 erako saioak biziko dira txapelketan Soccar joko mota klasikoan. Bost minutuko iraupena izango dute partidek; bukatzerakoan berdinketa egonez gero, urrezko gola sartzen duena igaroko da hurrengo fasera. Lehia bakoitzak aldez aurretik finkatutako eguna eta ordua izango ditu: bi jokalariak ados badaude partidaren data aldatzeko aukera egongo da, betiere txapelketako egutegiaren barnean.

Egutegia eta ordutegia Klikazanken webgunean eta Game Erauntsian argitaratuko dira, txapelketaren inguruko informazio gehigarri eta arauekin batera.

Jokalarietako batek bere Internet konexioarekin arazoak baditu, hamar minutuko atsedenaldia eskainiko zaio. Tarte horretan parte hartzaileak konexioa berreskuratzea lortzen ez badu partida galdutzat emango zaio. Norgehiagoka jokatzen ari dela bertatik alde egiten badu, txapelketatik kanporatuko da.

Finala, zuzenean

Zortzi sailkatu igaroko dira bukaerako fasera. Fase honetan partidek iraupen berbera edukiko dute, baina hiru partidatik onena izatea lortzen duenak egingo du aurrera. Azken fasean antolatzaileek zehaztutako egunetan jokatuko dira partidak; jokalariek finkatutako egun horietan parte hartu ezin badute kanporatuak izango dira.

IZENA EMATEKO SAKATU HEMEN

Finala apirilaren 30ean lehiatuko da; sarean emango da zuzeneko emanaldi baten bitartez.

Bilboko gazteen artean euskara sustatzea da Harrapazank programaren helburua. Hori lortzeko gazteentzako erakargarriak diren aisialdirako aukerak batzen ditu ekimenak.