Velan Studios-en titulura dohainik joka daiteke PC-an zein kontsoletan. Joko gurutzatua eskaintzen du.
Velan Studios-ek eta Electronic Artsek pasa den urtean kaleratutako Knockout City doan eskura eta joka daiteke orain. Brile partidak tiro jokoekin nahasten dituen abentura multijokalaria doako formatura igaro dela ezagutzera eman dute arduradunek.
Jokalarien artean balorazio positiboak jaso arren, Knockout Cityk ez du antza esperotako arrakasta lortu. EA Original markaren babespean merkaturatu zuten Velanekoek PC, PlayStation, Xbox eta Switch plataformetako titulua; orain EAtik bereizi dira. Hori dela eta, seigarren denboraldiarekin batera jokalari guztiengana zabaltzeko erabakia hartu dute.
Bi talde, baloiak eta botere bereziak proposatzen ditu bideojokoak. Brile jokoaren girotzea duen akziozko tiro jokoa dela esan dezakegu: baloiak jaurtita aurkariak akatzea izango da gure helburu nagusia. Horretarako abilezia eta mugimendu bereziak izango ditugu, noski; efektuarekin jaurti ditzakeguz, aukariei norabide desberdinetatik botatzea ahalbidetuta. Hau garrantzitsua izango da, une aproposean botoia sakatuz gero jaurtigaia eten eta kontraerasoa egin dezakegu-eta. Gainera, baloari ezaugarri bereziak eskainiko dizkien indartzaileak edo power up-ak egongo dira sakabanatuta kokalekuetatik.
Oinarrizko ezaugarri horiekin partida bizkorrak eta zirraragarriak proposatzen ditu Velanen lanak. Doako formatura plataforma guztietan igaro direla jakinarazi dute; garrantzitsua, joko gurutzatua ere eskaintzen dutelako. Era horretara, plataforma desberdinetako jokalariek elkarrekin jokatzeko aukera daukate.
City of Tomorrow deitutako denboraldi berriarekin batera bumeran baloia, ibilgailuak, mapak eta gehiago gaineratu dituzte. Elementu estetikoak ere gehitu dituzte: jokoaren moneta erabili daiteke hauek desblokeatzeko eta gure pertsonaiaren itxura aldatzeko.
Knockout Cityra doan joka daiteke PCan zein PlayStation, Xbox eta Switch kontsoletan.
Iruzkinak