Andy Brophy sortzailea australiarrak Earthbound eta WarioWare bezalako lanetan oinarritutako joko eroa prestatu du. PCan jokatu ahalko dugu.
Knuckle Sandwichek indie bideojokoen zaleen begirada guztiak harrapatu zituen 2015ean dagoeneko desagertutako Steam Greenlight zerbitzuan agertu zenean. Ia hamar urtez garatzen ibilita, Andy Brophy sortzaileak azkenean iragarri du argitaratze data: azaroaren 23an kaleratuko du RPG itxurosoa.
“Kaixo, lagun. Zer moduz? Badakit denbora luzea igaro dela, baina prest gaudela uste dut”, dio sortzaileak argitalpen data iragartzeko prestatutako bideoan.
Ez da batere erraza Knuckle Sandwich deskribatzea; Bright City hirian jazotzen ari den misterioa argitzen ibili beharko gara, denetariko pertsonaiekin hitz eginez eta egoera bitxietan parte hartuz. Dena den, zertan datzan azaltzeko biderik errazena Earthbound eta Undertale bezalako jokoetan oinarrituta dagoela esatea da, WarioWare ukituekin. Txandakako RPGaren aurrean gaude, eta denetariko munstroak zein arerioak garaitzen ibiliko gara.
Hala eta guztiz ere, dueluok bideojokoaren azala baino ez dira; izan ere, etsai bakoitzaren aurkako norgehiagokak minijokoen bidez biziko ditugu. 100 baino gehiago egongo dira Knuckle Sandwichen: erritmo, sukaldaritza, tiro, memoria eta puzzle jokoak azalduko zaizkigu, besteak beste. Erokeria hutsa.
Guztiak, gainera, estetika berezi zein zoroarekin girotuta egongo dira: 2D eta 3D grafikoak elkartzen ditu tituluak, erronka bakoitzari berezko nortasuna ezarrita. Umorea izango da nagusi abenturan, eta horren zutabeak ezagutuko ditugun herritarrak izango dira. Gure taldera gehituko diren adiskideekin batera mota guztietako fenomenoak ezagutuko ditugu Bright Cityn zehar.
Soinu banda erraldoia ere azpimarratzen du sortzaileak: Nelward, Beardy, Gyms, Barchboi eta Brainfoam musikagileekin elkarlanean prestatutako doinuak entzungo ditugu minijokoetan.
Esan bezala, Steameko Greenlight zerbitzuan ezagutzera eman zuen australiarrak bere jokoa. 2018an, berriz, Kickstarter kanpaina abiatu zuen garapenerako beharrezko finantzazioa lortzeko: 51.000 euro inguru bildu zituen. Ordutik hona bideojokoa bukatzen eta fintzen aritu da, informazio gutxi eskainita; proiektua bertan behera gelditu dela zabaldu da maiz, baina azkenean ez da horrela izan.
Steam eta itch.io saltokien bidez eskura dezakegu Knuckle Sandwich. Windows zein MacOS sistema eragileetan jokatu ahalko da.
Iruzkinak