Andrew Brophy sortzaileak Earthbound hartu du inspirazio iturri bezala. 2018an Kickstarter arrakastatsu batekin finantzatu zuen proiektua.
Hainbat hilabete isilpean eman ondoren, Andrew Brophyk Knuckle Sandwich RPGaren teaser berria argitaratu du sareetan.
Earthbound, Mother edota Undertale bezalako jokoetan oinarritutako jokoaren garapena "oso ondo" doala dio Brophyk proiektuaren Kickstarterreko webgunean. Azken hilabeteetan jokoari buruzko berririk eman ez duen arren lanean jarraitu duela dio sortzaileak; lehenengo erdian hainbat zuzenketa egin ditu.
Hala ere, sortzaileak ez du argitaratze datarik zehaztu nahi. "Nekatuta" dagoela dio Brophyk, baina atsedena hartu ondoren "gogo biziz" bueltatzeko asmoa du. Trailerrarekin batera otsailean demo berri bat argitaratuko duela adierazi du; AEBetako DreamHack eta PAX East ekitaldietara eramango du demoa.
Orain urte pare bat Kickstarterra gauzatu zuenean 51.000 bat euro batu zituen sortzaileak. PC eta Macerako argitaratuko du; printzipioz Steamerako eskuragarri egongo da.
Jokoak Pokemonen edota Dragoi Bolan inspiratutako kolorez betetako estetika bat izango du; gidoia Fargo, The Big Sleep eta American Psycho bezalako filmetan oinarrituta egongo da Brophyren arabera. Ez hori bakarrik, txandakako borroka zoroetan Wario Ware ezaguneko antzeko minijokoen bidez eraso egin eta defendatu beharko gara.
Jokatu nahi duenak Kickstarterrarekin batera argitaratutako demoa frogatzeko aukera du. Jokoaren webgunean dago eskuragarri PC zein Macerako.
Iruzkinak