5 milioi jokalari baino gehiago animatu dira Obsidianen jokoan parte hartzera. Grounded oraindik sarbide goiztiarrean dago.
Miniaturazko munduan jokatzen den Obsidianen biziraupen joko dibertigarria gehiago handitu da. Groundedek askotariko edukiak eta hobekuntzak ekarri dituen eguneratzea jaso du.
Koi Pond deitutako espantsioak urmael txikia, baina jokalarientzat erraldoia izango dena gehitu du biziraupen jokora. Esploratzaileak bertan murgildu eta ur azpiko gunea bisitatu ahal dute noski. Bertan “animalia, artisautza errezeta eta misterio berriak” aurkituko dituzte.
Argitaratutako trailerrean ikus daitekeenez zapaburuak, igeri egiten duten armiarmak eta koi arrain erraldoia egongo dira urmaelean. Errezetei dagokienez Slime Lantern, Bone Trident , Pebblet Dagger edota Gill Tube Rebreather bezalako objektuak sortzen ikasi ahalko dute jokalariek.
Eguneraketari buruzko xehetasunak ematearekin batera erabiltzaileen kopuruak zehazteko aprobetxatu dute Obsidianekoek. Guztira 5 milioi jokalari baino gehiagok parte hartu dute Groundedeko esplorazio eta biziraupen txangoetan. Are jokalari gehiago erakartzeko asmoarekin Xbox Series Xra eta Sra ere iritsi da Smart Delivery funtzioarekin. Kontsola berrietan 4K-ko bereizmena, atal grafikorako hobekuntzak, karga denbora murriztuak eta HDRarentzako euskarria ditu jokoak, baita 60 irudi segundoko tasa ere.
Grounded Xbox Series, Xbox One eta PCrako kaleratu dute garatzaileek. Oraindik sarbide goiztiarrean dagoen abentura dela gogoratu beharra dago. Hori horrela abentura hedatzen eta hobetzen jarraitzeko lan egiten ari dira garatzaileak.
Iruzkinak